Euskal Herriko Torturatuen Sareak biktimak aitortzea eskatu die instituzioei

  • Eusko Jaurlaritzari Estatuko biktimen aitortzarako Euskal Autonomia Erkidegoko Legea berritzea eskatu diote eta Nafarroako Gobernuari “frankismoaz eta trantsizioaz harago” dauden herritarrak aitortzea.

Euskal Herriko Torturatuen Sareak bigarren batzarra egin du Eibarren, otsailaren 14an. Ahotsa.info

2026ko otsailaren 16an - 17:09
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Euskal Herriko Torturatuen Sareak bere bigarren biltzarra egin du Eibarren (Gipuzkoan), otsailaren 14an, Euskal Herriko Torturatuen Aurkako Egunaren baitan eta torturapean Joxe Arregi hil zutenetik 45 urte igarota. “Modu sistematikoan torturatu gaituztela aitortzeko garaia” dela aldarrikatu dute Leire Gallastegi eta Mertxe Gonzalez bozeramaileek, Berria-k jaso duenez. “Bizikidetza demokratikoa” eman dadin aitortza beharrezkoa ikusten dute, ez delako “iraganeko kontu bat, aitortu eta erreparatu beharreko zauri bat baizik” eta pairatutako indarkeria “ikusezin” bilakatzea ekidin behar dela azpimarratu dute. “Erantzukizun publikoa” eta “inpunitatea” amaitzea eskatu dute eta torturen aitortza eskatzearekin batera, “nork eta nola” baimendu zituen jakin nahi dute. 

Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako zenbaketaren arabera, 1960 eta 2014 bitartean gutxienez 5.379 biktima torturatu zituzten Euskal Herrian. Hala ere, Torturatuen Sareko Igor Zearretak azaldu du sarean une honetan 1.500 kide daudela, pixkanaka gehiago iristen ari diren arren. “Torturatu bakoitzak bere momentua” duela “aitortzaren bidean” azaldu du eta horretarako “subjektu aktibo” bihurtu behar direla. Horregatik, epe motzera lau helburu nagusi nabarmendu ditu Zearretak; inor kanpoan ez gelditzea, aitortzak aurrera eramatea, egia ikusaraziz kontakizuna eraikitzea eta elkar zaintzea. 

Eusko Jaurlaritzari legea berritzea eskatu dio sareak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan tortura pairatu dutenen aitortza “gehiegi luzatzen” ari dela salatu dute eta Eusko Jaurlaritzari determinazioa eta erraztasunak eskatu dizkiote aitortzak eman daitezen. Jaurlaritzak Biktimen Aitortzaren aurrekontua handitu du eta Egiari Zor fundazioaren bitartez euskal gatazkarekin loturik 1960tik 2014ra bitarteko tortura kasuak erregistratuko dituela agindu du. Hala ere, “Estatuko biktimen aitortzarako Euskal Autonomia Erkidegoko legea” berritzeko eskatu diote, “pertsona gehiago sarera erakartzeko”. 

Nafarroako Gobernuari biktima oroz gogoratzea eskatu diote

16/2019 Foru legeari esker, Nafarroan 1960 eta 2011 bitarteko tortura kasuak aitortzen hasi ziren. Hala ere, Nafarroako Gobernuari eskatu diote “frankismoaz eta trantsizioaz harago” dauden “ehunka herritar” torturatu zituztela aitortzeko eta erantzukizuna hartzeko.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.