Euskal Herriko Mugimendu Feministak izen berdinarekin sortu den koordinadoraren jarrera “putafoboa” eta “trans-baztertzailea” salatu du. Ehun eragile baino gehiagoren sinadurak bildu dituzte eta haien espazioa eta adostasuna errespetatzea eskatzen dute.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak, otsailaren 25ean salatu du duela hilabete batzuk “Coordinadora 8M. Euskal Herriko Mugimendu Feminista” izenarekin sortu den taldearen jarrera “putafoboa” eta “trans-baztertzailea”. Koordinazio berriak bederatzi eragileren babesean eman zuen prentsaurrekoa otsailaren 19an. Beraien leloen artean, “generoaren, prostituzioaren, pornografiaren eta ugalketarako sexu-esplotazioaren abolizioa” aldarrikatzen dituzte. Koordinaziorako espazio berri bat sortu dute eta bi manifestazio antolatu dituzte Iruñean eta Bilbon.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak “Euskal Herriko mugimendu feministaren izenean ez!” adierazpena kaleratu du eta mende erdi batez baino gehiago darabilten ibilbidea azpimarratu. Asanblada, talde, norbanako eta hainbat eragileren ehun sinadura baino gehiago dira Euskal Herriko Mugimendu Feministaren adierazpena babesteko eta “desadostasuna eta haserrea” adierazi dituzte sortu berri den talde berriaren jarrera “abolizionista eta trans-baztertzailearen” aurrean. Haien espazioa eta urteen poderioz lortutako kontsentsua errespetatzea eskatu dute. Euskal Herriko Mugimendua ez dela “putafoboa” eta “trans-baztertzailea” nabarmendu dute; sexu-lana defendatu eta sexu langileen eskubideak aldarrikatzen dituztela azaldu dute eta mugimendua “era askotako subjektuek” osatzen dutela. Etika militante transfeministatik “sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialistari eta arrazistari aurre egingo” diotela adierazi dute.