Bost urtez jarraian azaroaren 1ean kalera irten da mugimendu antiespezista. Aurten Donostiako Aquariumaren parean elkartu dira, "kaiola bat delako Euskal Herriko lekurik bisitatuenetakoa".
"Animaliak aske, ez kaiola, ez kate!" lelopean, Donostiako Aquarimuaren aurrean dozenaka lagun elkartu ziren astelehenean animalien eskubideen aldeko aldarria zabaldu eta "eraikin barruan kaioletan dauden norbanakoei babesa erakustera", Nor talde antiespezistak antolatuta. 1928tik hona Aquarimuean 5.000 animalia inguru erakusgai izan dituztela azpimarratu dute. 2028an 100 urte beteko ditu Donostian lekurik turistikoenetakoa denak, baina mugimendu antiespezistaren helburua hori ez gertatzea da, "ez dezaten gizakiz bertzeko animalien gatibutzak eta zapalkuntzak jarraitu, ez Donostian, eta ez inon".
Aquariumaren eta antzerako zentroen "gezurrak" salatu nahi izan dituzte:
"Animaliak ondo zainduta daude"
Antiespezisten ustez, ongi izatea ezin da ongizatea izan animaliak askatasunik gabe eta "urrezko kaioletan itxita" daudenean. Horrelako lekuetan osasuntsu dauden animaliak hiltzea ohiko praktika dela azpimarratu dute, haiekin zer egin ez dakitenean, haiengandik etekin ekonomikorik ateratzerik ez daukatenean". Espezieen kontserbazioa aitzakia hartuta, animaliak ugaltzera bultzatzen dituztela diote, ondoren kumeak zoologiko edo aquariumetan erakusten jarraitzeko edo salerosteko.
"Animaliei buruz ikasteko zentroak dira"
Horren aurrean ondokoa dio mugimendu antiespezistak: "bisitari batek, kaiola bakoitzari begira, bataz beste 30 segundo igarotzen ditu. Paneletako informazioa ere eskasa da. Bisitariak ez du norbanakoen izaeraren inguruan ikasiko, ez du ezagutuko aske izanik edukiko lukeen portaerarik, bere kideekin harremantzeko modurik, eta ez du bisitariarengan animalia horiekiko babes kontzientziarik ernatuko".
"Animaliak jaso, zaindu, sendatu eta berriz naturara itzultzen dituzte"
Antiespezisten datuen arabera, milatik bakar batekin ere ez da hori gertatzen. "%0,12 da naturara itzultzen dutena, nahiago dute erosi eta saldu, katez lotu eta kaiolatan sartu".
Zoo-akuarioetan gertatzen dena ez dela salbuespena, araua baizik, gaineratu dute, gizakiz besteko animalien bizitzak "gizakion zerbitzura jarri ditugulako"; normalean interes ekonomikoengatik, baina baita "ohiturak, kultura, festak, plazera, erosotasunaren izanean ere".