23 urteko preso bat hilik topatu zuten pasa den ostiralean Baionako espetxean, Sud Ouest hedabidearen arabera. Euskal Herriko kartzeletan aurten hil den hirugarrena da. Otsailaren 5ean 35 urteko presoa hil zen Zaballan (Araba), eta martxoaren 9an Salhaketa-Nafarroak jakinarazi zuen 80 urteko presoa hil zela Iruñean.
Sud Ouest agerkariaren arabera, Baionako espetxean dagoen bakarkako zelda batean zegoen 23 urteko gizonezkoa, isolatuta, arazo psikiatrikoak zeuzkalako. Bere burua urkatu zuen, telefono-kablea baliatuta. Eguerdiko 11:30ak inguruan aurkitu zuten gorpua funtzionarioek.
Duela lau hilabete espetxeratu zuten hildako gizona Baionan, jabetza batean kalteak eragin ostean, Baionako Fiskaltzak adierazi duenez.
Baionako presondegiaren harira, azken sei hilabetean hirugarrenez, Colette Capdvielle (Alderdi Sozialista) eta Peio Dufau (EH Bai) diputatuek salatu dute gainezka dagoela, Gerald Darmanin Justizia ministro frantsesari duela bizpahiru aste igorritako gutun irekian irakurri daitekeenez. Hautetsiek plazaraturiko datuen arabera, %230eko okupazio maila du espetxeak. Alegia, 65 pertsonentzako tokia izanik, 160 baino gehiago daude. Mediabask-ek argitaratu duenez, iazko irailean Capdevillek lehen aldiz ohartarazi zion Parisi Baionako espetxearen egoera oso larria dela.
Hirugarren heriotza
Aurten Euskal Herriko kartzeletan hil den hirugarren presoa da Baionakoa. Otsailaren 5ean 35 urteko preso bat hil zen Zaballan (Araba), Salhaketa-Araba elkarteak jakinarazi zuenez. Haren senideek elkarteari adieraziziotenez, hil baino ordu batzuk lehenago interfonotik deika aritu zen presoa, "baina mediku arreta ukatu zioten, ziegak ireki arte itxaroteko esanez".
"2021ean Eusko Jaurlaritzak eskumenak hartu zituenetik, gutxienez 10 heriotzaren berri izan dugu EAEko espetxeetan arrazoi ez-naturalengatik", salatu zuen elkarteak, otsailaren 9an publikatutako oharrean: "Heriotza hauen harira, familia, gizarte eta hedabideekiko komunikazio ofizialik eza eta opakutasun sistematikoa onartezina da. Familiek berandu jakiten dute, informazio partzial edo nahasgarriarekin, eta benetan zer gertatu den jakiteko bide argirik gabe".
Salhaketak gaineratu du familia sarerik ez duten pertsonak espetxean "isiltasun erabatekoan" hil daitezkeela, eta "heriotza bat bera ere ezkutuan eta erregistro publikorik gabe gera ez dadin bermatuko duten mekanismoak" eskatu ditu. "Fiskaltzak heriotza hauen atzean dauden kausa erreal eta estrukturalak ikertu eta publiko egitea exijitzen dugu, espetxeen kudeaketari dagozkion erantzukizunak bere gain hartuz".
Martxoaren 9an, bestalde, Salhaketa-Nafarroak jakinarazi zuen Iruñeko espetxean zegoen 80 urtetik gorako emakumea hil zela astebete lehenago. Bihotz-biriketako geldialdia izan zuen; espetxean bizkortu zuten, Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman, eta bertan hil zen. Iruñeko presondegia zabaldu zutenetik (2012) "hamar pertsona baino gehiago hil dira han barruan", espetxeen aurkako eragileak oroitarazi duenez.