Donostiako Piraten egun transfeministaren harira, kalejira aldarrikatzaile transfeminista egin dute kaleetan zehar. Euskal Herriko kale izendegietan "iragan koloniala normalizatzen" dituzten izenak daudela salatu dute. Bestalde, Aizepe elkarte baztertzaile eta matxista ere gaitzetsi dute.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Maruxak, Shakira eta Jennifer Lopezen doinuekin girotuta, Donostiako Piratek kalejira aldarrikatzaile transfeminista egin dute bart, astearte arratsaldean, Parte Zaharreko kaleetan zehar. Dantza eta kantu artean, gogorarazi eta salatu dute Euskal Herriak "iragan koloniala" duela eta kale izendegietan ikus daitekeela hori.
Aldarriz beteriko eguna izan da astearteakoa Piraten egitarauan, egun transfeminista izan baita. Goizean jada tradizio bilakatu den Señora Gosaria egin dute portuan, Sardinerak kofradiak antolatuta, eta bazkari disidentearen ostean, leku beretik irten da kalejira transfeminista. Berotik babesteko abanikoekin eta eguzkitako betaurrekoekin lagunduta, Parte Zaharreko kaleetan zehar ibili dira, turisten artean bide morea irekiz.
Bretxako merkatuan sardineren irudia jarri eta Sardinera dantzatu dute. Jarraian, Etxague Generalaren kalean geldialdia egin dute, salatzeko Etxague militarra eta politikaria inperio kolonialaren ordezkaria izan zela, Puerto Ricoko eta Filipenetako gobernadore izan zelarik. Horregatik, kalearen izenaren alboan metalezko plaka bat itsatsi dute, zeinetan irakur daiteken: "Kale izendegian kolonialismoaren ordezkariak mantentzeak iragan hori normalizatzen du. Horregatik, memoria antikoloniala, dekolonialitatea eta antiarrazakeria aldarrikatzen ditugu".
Arrazismo kolonialista salatzeaz gain, matxismoa ere gaitzetsi dute. Abuztuaren 31ko kaletik barrena igaro bitartean, "Aizepe, elkarte matxista" idatzita zeramaten pegatinak banatu dituzte, gerora elkartearen sarreran itsatsi dituztenak, barruko gizon batek ekintza oztopatzen saiatu arren. Elkartea salatua izan da emakumeak sukaldera sartzen ez uzteagatik, eta danborrada eguneko elkarte baztertzaile bakarra da.