Asteazken arratsaldean egingo dute aurkezpena Joxemi Zumalabe Fundazioak eta Bizilurrek Bilboko Kafe Antzokian. Bi urte iraun duen prozesuaren emaitzak liburu, liburuxka eta dokumental banatan jaso dituzte.
Bilboko Kafe Antzokian eman dute hitzordua, bi urtez egindako gogoetak eta horren ondorioak partekatzeko. Herri Mugimenduen inguruko hainbat korapilo identifikatu eta horietako batzuei heltzeko tresna praktikoak sortu dituzte. Lanketaren fruitu diren liburua, liburuxka, eta dokumentala aurkeztuko dituzte ekitaldian, eta material hori ostegunetik aurrera beraien webgunean ere eskuragarri izanen da. Antolatzaileek ARGIA-ri azpimarratu diote prest daudela herri eta hirietan materiala bere mamia partekatzeko saioak antolatzeko, bertako herri mugimenduek horrela eskatuz gero.
Bi urteetan zehar eramandako lanketa zehaztu du Joxemi Zumalabe Fundazioko Gogoeta Taldeak: "Dozenaka militanteen eta hamarnaka eragileen parte hartzea izan dugu prozesuan zehar, Herri Mugimenduon eraginkortasun politikoa baldintzatzen duten 40 korapilo baino gehiago identifikatu ditugu… Horrez gain, korapilo horietako bost askatzeko tresna praktikoak sortzeko saiakeran aritu gara".
Materiala "eztabaida kritikarako ekarpena egiteko baliagarria izatea" da helburua, eta beraz webgunetik aparte, sareetan, liburutegi autogestionatuetan eta herri mugimenduaren "espazio erreferentzialetan" jarriko dute eskuragarri.
Asteazkeneko aurkezpena 18:30etan hasiko da, egitarau zabalarekin: hitzaldia, mahai-inguruak, dokumentalaren proiekzioa, eta prozesuan parte hartu duten eragileen hitz-hartzea... Hori amaituta. luntxa eta kontzertua izango dituzte gozagarri bertaratzen direnak.
Aurkezpenera joateko, esteka honetan asistentzia konfirmatzea eskatu dute.
