argia.eus
INPRIMATU
Kuban egingo den “Paradigma askatzaileak” jardunaldietan Euskal Herriko delegazioa izango da
  • “Paradigma askatzaileak” nazioarteko jardunaldien XIII. edizioa urtarrilaren 22tik 25era izango da La Habanan. Bertara joango dira Euskal Herritik hainbat eragile: Joxemi Zumalabe Fundazioa, Bizilur Elkartea, IPES, Ipar Hegoa Fundazioa eta Emagin. Beraiek azaldu dutenez, "hausnarketarako, sakontzeko eta artikulaziorako gunea da, konpromiso sozial eta politikoa duten guztiona". Udazkenean Topaketa Internazionalistak antolatuko dituztela jakinarazi dute.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 16a
Kubara joango den delegazioko kideak.

Joxemi Zumalabe Fundazioak, Bizilur Elkartearekin lankidetzan, bultzatutako Murtxikatuz prozesuan murgildutako Euskal Herriko eragile sozial batzuk Abya Yala-ko zein munduko beste eragile sozial eta aktibistekin batera gai anitzez hausnartu, eztabaidatu eta sinergiak bilatzeko aukerak izango dituzte La Habanan.

Murtxikatuz Taldea Joxemi Zumalabetik jaiotako lantalde bat da. Beren helburu nagusia herri mugimenduetan sortzen diren jakintza eta ezagutza kolektiboei ikusgarritasun eta errekonozimendua ematea da. Horrez gain, herri mugimenduetan duten formazio politikoa berrezaugarritzea dute xede. "Horretarako, hemengo eta bestelako herrialdetako formazio proposamenak ezagutzea beharrezkoa iruditzen zaigu, ondoren eta eragile anitzen artean, formazio politiko askatzailearen inguruko informazioa zabaltzeko eta honen inguruko eztabaida (ber)pizteko", adierazi dute.

Bertan egindako harremanak, ikasi, ikusi eta bizi izandakoarekin, Topaketa Internazionalista antolatuko dute datorren udazkenean Euskal Herrian, formakuntza politikorako prozesuetan sakontzeko eta hobetzeko helburarekin.

Topaketa Internazionalistak ipar hartuta, honako helburuekin abiatuko da euskal delegazioa Kubara, beraiek jakinarazi dutenez:

  • Abya Yalaren herri mugimendua ezagutu eta haiengandik ikasi.
  • Euskal Herrian Herri Mugimenduek formakuntza politikoan ditugun korapiloak askatzeko beste errealitateko baliabideak, tresnak eta gogoetak ezagutu eta baliatu.
  • Murtxikatuz taldearen dinamika indartu nazioarteko eragilea gonbidatuz.
  • 2019an Euskal Herrian egingo ditugun Topaketa internazionalistarako kontaktuak egin.
  • Bertan ikasitako guztia Euskal Herrian sozializatu.
  • Bakoitzaren kolektiboak indartu eta formazio prozesuak birpentsatu.