Euskal Herriko delegazio sozial bat Rojavan sartu da

  • Siriaren menpeko kurduek nazioarteko komunitateari eginiko deiari erantzunez joan da Euskal Herriko delegazio soziala Rojavara. Bizi duten gerra giroa eta su-eten egoera hauskorra bertatik bertara ezagutu eta haren berri ematea da asmoa. ARGIA bertan da eta webgunean jarraipen berezia egingo diogu.

Euskal delegazioa Qamishli hirian. ARGIA

2026ko otsailaren 16an - 07:02
Azken eguneraketa: 09:43
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urtea Venezuelara begira hasi bazuen munduak, urtarrilaren 6an Siriako gobernuaren ofentsiba hasi zen kurduen aurka. Rojava eskualdea bitan zatitzea lortu zuten eta batetik Kobane hiria geratu zen, setiaturik eta elektrizitaterik gabe, eta bestetik Rojavako gainerako lurraldeak. Urtarrilaren 31n, in extremis, su-eten akordioa sinatu zuten, baina bi aldeen artean konfiantza eza da nagusi. 

Egun, Kobane hiria indar yihadistek inguraturik dago. Atzealdean, gainera, Turkiak eraikitako harresia dute; ihes egitea galarazita, beren aurkako sarraskia gertatzeko aukerak oso handiak dira, drusoekin eta alawi komunitateekin egin zuten bezala.

Azken asteetan milaka pertsona iritsi dira bertara Alepo, Tabqa, Raqqa eta inguruko herrietatik, yihadisten sarraskietatik ihesi. Asko meskitetan, eskoletan edo beren autoetan ari dira lo egiten. Kobanek ez dauka nahikoa elikagairik egoera honi aurre egiteko. Elikagai eta ur faltari gehitu zaizkie bi astez pairatu duten elektrizitate mozketa. Kobanen elurra ari zuen bitartean, bertan pilatutako herritar eta desplazatuak berogailurik gabe izan dira.

Kobanek mundu mailan arreta deitu zuen 2015ean, Estatu Islamikoa kanporatu zuelako armada kurduak. Protagonismo nabarmena izan zuten garaipen hartan emakumeen unitate armatuek. Ordutik, feminismoa, autonomia politikoa eta balio demokratikoak ardatz hartuta, proiektu politiko hau asko garatu da eta erreferente eztabaidaezina bilakatu da nazioartean. Gaur egun, erabat mehatxupean dago.

Rojavara sartu den delegazioa ondorengo lau pertsonek osatzen dute:

  • Mikel Zuluaga Uriarte, "Mikelon", (Bilbo, 1955) Global Sumud Flotilla eta Artea Sareko militantea - migrazioak eta agroekologia.
  • Garbiñe Elizegi Narbarte (Pomona-California, 1975), mugimendu feministako kidea eta erizaina.
  • Jose Javier Oses Carrasco, “Jotas” (Unx-Nafarroa, 1980), Burujabetzaren Aldeko Mugimenduko, Irakasleok Palestinarekin eta GMG EH mugimenduetako kidea. Irakaslea.
  • Lander Arbelaitz Mitxelena (Donostia, 1985), mugimendu euskaltzaleko kidea eta ARGIAko kazetaria.

Kurdistan kanalean gehiago
2026ko otsailaren 20
Seigarren eguna Rojavan
Jinwar, emakume askeen herria

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.