Urriaren 27an iraganen da Euskarabilduaren 15. edizioa, Donostiako San Telmo museoan, 09:00 eta 14:00 artean. Euskal Herrian Adimen Artifizial "burujabeagoa" eta horren erabilera "ahalik eta etikoena" nola lortu aztertzea dute xede antolatzaileek, eta horretarako AAk beharrezkoak dituen geruzetako eragileen artean elkarlanak eta sareak osatzeko asmoz osatu dituzte hitzaldiak.
Adimen Artifiziala herriaren zerbitzura. Nola eraiki ekosistema burujabe eta saretua? izenburua jarri diote aurtengo Euskarabildua jardunaldiari eta Euskal Herrian AA Adimen Artifizial burujabeagoa nola lortu daitekeen aztertuko dute. Donostiako San Telmo museoan iraganen da, eta lekuak beteta izanda ere, itxaron zerrendan izenak emateko lotura jarri dute beraien webgunean, jakinda streaming bidez ere jarraitzen ahalko dela guztia.
Urtez urte teknologiari buruzko dibulgazioa egitea dute helburu Iametza, Ametzagaiña eta ARGIA antolatzaileek, zehazkiago euskarari erreparatuta eta teknologia burujabetzan begirada jarrita. Aurten AA Adimen Artifizalaren gaia jarri dute mahai gainean, haren garapenari eta zabalpenari buruz gogoetatzea ezinbestekotzat dutelako antolatzaileek. Hain justu, AABAIC Basque Artificial Inteligence Center erakundearen azken ikerketaren arabera, EAEko erakundeen %17,4k erabiltzen dute dagoeneko AA eta 91 enpresa baino gehiago ari dira soluzioak garatzen. Hori horrela, ondoko galderak topatu ditzakegu aurtengo edizioaren aurkezpenean: "Norantz goaz herri bezala? Zer erabilera mota ari gara egiten? Datuen gaineko kontrola gurea al da?". Herri gisa saretu eta azpiegitura horiei buruzko ezagutza, baliabide eta proiektu propioak garatu beharra ikusirik, "Euskal Herriko ekosistemari" begira jarriko dira aurtengo edizioan. "AAk beharrezkoak dituen geruza ezberdinetan Euskal Herri mailan ze egoeretan gauden begiratuko dugu. Batetik, azpiegiturak –datu zentroak eta makinak– behar ditu AAk, gero ereduak, eta gure kasuan fokua dago eredu libreetan, euskararen abiapuntua kontuan hartuta, baita datuak eta aplikazio konkretuak ere", azaldu digu antolatzaileen artean den Iametzako Eli Pombok. Jardunaldia antolatzen ari zirela jabetu dira "uste baino egitura gehiago" badirela eta horrek konfirmatu die garrantzitsuak direla Euskarabildua bezalako topaketak, azkenean gaur egungo testuinguruan "elkar saretzeko" beharra eta garrantzia handiak direlako.
Horregatik dituzte bi helburu ortzi-mugan jarrita. Batetik, "herri ikuspegia ardatz, ahalik eta herri burujabetza handiena garatzearen beharraz ohartarazi" nahi dute antolatzaileek, eta bestetik, "Euskal Herriko ekosistema saretu eta elkartu nahi du, balio kate osoak elkar ezagutu dezan –ikerketa zentroak, unibertsitateak, enpresak eta erabiltzaileak–".
AAren "ahalik eta erabilera etikoena egitea" baldintzatzat dute Iametza, Ametzagaiña eta ARGIAk, eta horretarako plataforma handiekiko menpekotasuna ahalik eta gehien murriztu beharra azpimarratzen dabiltza, beti ere norberak norbere teknologiaren eta datuen gaineko kontrola izateko. Ikusita datuen arloan dagoen "boterea", Pombok ezinbestekotzat du beste bide batzuk jorratzearena: "Datuak oso garrantzitsuak dira AArentzat, eta gure ezagutza eta jakinduria jartzen baditugu plataforma handi horietan... dena galtzen ari gara". Euskal Herri gisa ere ikuskera horretatik aitzina egin beharra dela diote: "Horrela soilik emango diogu teknologiari euskaratik eta Euskal Herritik definitutako mundu ikuskera".
Euskal Herrirako "AA burujabeagoa" posible ikusten du Pombok: "Posible da, gero eta esperientzia gehiago daude eredu libreak erabilita, hainbat soluzio ere sortzen ari dira, azpiegitura mailan guk uste baino gauza gehiago eduki ditzakegu gure inguruan... Segur aski burujabetzak ezin izango du %100koa izan, hau da, erabat lokala eta menpekotasunik gabea, baina uste duguna baino askoz gauza gehiago lortu daitezke handiengana jo gabe".
Hemen duzue Euskarabilduaren 15. ediziorako egitarau zehatza:
09:00. Aurkezpen instituzionala
09:15. Sarrera: AA ekosistema burujaberantz
09:25. Deszentralizazioa Adimen Artifiziala burujabea izan ez dadin.
Steen Rasmussen (Fisikaria, bizitza artifizialean eta sistema konplexuetan aditua)
09:50. Mahai-ingurua: AAk beharrezkoa duen azpiegitura. Euskal Herrian zer baliabide ditugu?
Alex Etxeberria (aDI Data Center Euskadiko zuzendaria)
Alexis Guirlé (Izarralde Taldeko zuzendaria)
Iratxe Montoya (EJIEko Eraldaketa eta Adimen Artifizialeko zuzendaria)
Aran Garcia Lekue (DIPCko proiektu estrategikoen zuzendaria)
Izaskun Echeverria (Nasertic-eko Banatutako Sistemen arloko arduraduna)
Sarrera: Ikerketa, produkzioa eta AA Factory-ak
German Rigau (Hitz zentroko zuzendariordea)
10:35. Mahai-ingurua: Euskaratik sortutako AA eleanitza. Eredu libreak eta datuak
Eneko Agirre (Hitz Zentroko zuzendaria)
Itziar Cortes (Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologiako koordinatzailea)
Leire Barañano (Euskorporako zuzendaria)
Sarrera: Europako proiektu libreei begirada
Aitor Soroa (Hitz Katedrako Zuzendaria)
11:20. Atsedenaldia
12:00. Erakusleihoa: BAAI.EUS. Euskarazko web sortzaile adimenduna - PuntuEUS
12:10. Barne dokumentazioaren kudeaketa Nextcloud eta AA baliatuta (EUS)
Eñaut Tolosa (Bira Produkzioakeko kidea)
Naiara Garmendia (Ametzagaiña I+G-ko ikerlaria)
12:40. Erakusleihoa: Ilenia eta Alia proiektuetako erakusgarriak - EHUko Hitz Zentroa
12:50. Euskal Herriko Online Lanbide Heziketan AA burujabea txertatzen
Mikel Aldalur (BirtLHko IKT teknikaria)
13:20. Erakusleihoa: Konputazio ahalmen zerbitzu lokala - Klodei