“Euskal Herri askerako” bidea egiten jarraituko du Ernaik, IV. Kongresuan berretsi duenez

  • Larunbat goizean eman dio amaiera Ernaik urtebetez jorratu duen IV. Kongresuari 800 kide inguru jaso dituen ekitaldiarekin, Bergaran (Gipuzkoa). Gazteriarentzako “tresna eta heldulekua” izan nahi dute eta horretarako “Euskal Errepublika, sozialista, feminista eta euskalduna” eraikitzeko borrokan ari direla azpimarratu dute.

Bergaran batu dira Ernaiko kideak IV. Kongresuari amaiera emateko. Ernai Gazte Antolakundea

2026ko maiatzaren 11n - 16:50
Azken eguneraketa: 2026-05-12 09:41
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ernaik larunbat goizean eman dio amaiera IV. Kongresuari Bergarako pilotalekuan. “Borroka berresteko”, baita “ospatzeko” ere, baliatu duten ordu eta erdiko ekitaldian, oraina eta etorkizuna “ilusioz, determinazioz eta konpromisoz” erantzungo dituztela adierazi dute, Naiz-ek jaso duenez. 800 kide inguru bildu dituzte: lehen lerroan diharduten kideak, Ernaien jardun duten kide ohiak eta beste zenbait bidelagun. 

“Ernai euskal gazteriarentzako tresna eta heldulekua” izan dadin bilatzen dute eta horretarako gazteriari “eskaintza zabaltzeko” beharrean aurkitu dira, “Ernai zabalago, irekiago eta eraginkorrago bat” lortzeko. Aukera anitzen “elkar gurutzaketan”, “ziklo politiko berriaren atarian” ipintzen dute oraina. 

Bi konpromisoren baitan kokatu dira Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailearen esanetan: “Euskal Herriarekiko konpromisoan” eta “euskal gazteriarekiko konpromisoan”. Horretarako, “gazte zapaldurik gabeko Euskal Herri askearen” beharra azpimarratu dute. 

Horretarako Ernaik “borrokarako tresna” izan behar duela adierazi du, gizarteari erantzun eta “Euskal Errepublika, sozialista, feminista eta euskalduna” eraikitzeko. Parte hartzera deitu dute euskal gazteria. Nikole Ziarruste Ernaiko kidearen hitzetan, “asko gara, baina garaiak borroka eskatzen du, eta horregatik askoz gehiago izatera goaz datozen hilabeteetan”.

Ekitaldiaren bigarren zatian prozesuan ateratako ondorioak eta etorkizuneko erronkak jasotzen dituen ponentzia bozkatu dute kideek. %92 alde azaldu dira, %4 aurka eta gainerako %4 abstenitu dira edo zurian bozkatu dute, Berriak jaso duenez

Ondoren Xabi Iraola Sortuko koordinatzaile nagusiak hartu du oholtza. “Batzuk iraultzaz ikasten ari diren bitartean, zuek iraultza egiten ari zarete”, adierazi die Ernaiko kideei, eta ekitaldian jasotakoaz, Ernaien jardun izanaz eta Ernaik egiten duen ekarpen politikoaz “harro” dagoela adierazi du. 

Ernaiko gaur egungo kideak ere baikor azaldu dira erakundeak izan duen azken 15 urteetako ibilbidearekin, “pentsaezinak” ziren hainbat mugari aurre egitea lortu dutelako: hamarkadetako blokeoarekin amaitzea eta “preso politikorik gabeko” testuinguruan bizitzea; ezker independentisten “hazkundea”, zeinetan EH Bilduk “herri honetako instituzio nagusiak gobernatu ditzakeen”; eta Euskal Herri osoan zehar “forma eta denbora desberdinetan” aldaketa nabarmenak lortu dituzten “nazio aitortzan, erabakitzeko eskubidean eta lurralde artikulazioan”. 


Ernai kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.