Euskal filmei ohi baina leku gehiago emanen die Miarritzeko Fipadoc jaialdiak

  • 35 herrialdetako 150 filma baina gehiago erakutsiko ditu Fipadoc Miarritzeko film dokumentalen nazioarteko festibalak. Aurten, Donostiako Zinemaldiarekin partaidetza berezi baten bidez irailean Donostian aurkeztutako lau filma izanen dira Miarritzen.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2026ko urtarrilaren 23an - 07:00
Urtarrilaren 23tik 31ra izanen da Fipadocen zortzigarren edizioa. Euskal Irratiak
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Aurten, fokoa Iberiar penintsulan emanen dute, Espainia, Portugal edo Herrialde Katalanetako puntako dokumentalekin. Baita Hego Euskal Herrikoekin ere: sei euskal filma emanen ditu jaialdiak, ohi baina gehiago. Akelarre talde mitikoaren historia kontatzen duen Akelarre marearen kontra, duela bi urte jaialdian izan zen Beñat Gerekaren Idi, Eduardo Chillidaren ondarean murgiltzen den Ciento Volando, euskal literaturak frankismo garaiko memoria biziarazteko duen funtzioa erakusten duen Memoria Eraikiz, Euskal Herrian bizi den Tetsuro Maeda sukaldari japoniarrari buruzko Tetsu, Txispa, Hoshi eta dokumental onenaren “Días de cine” saria irabazi berri duen Popel, Oier Plaza gernikarrak bere herriaren bonbardaketatik hasitako lana.

Aipatzekoa da Donostiako Zinemaldian epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen eta zinemetan harrera bikaina izan zuen Historias del Buen Valle dokumentala emanen duela Fipadocek astelehen eta ostiralean. Jose Luis Guerin zuzendariaren lanak Bartzelonako Vallbona auzo langileko bizia erakusten du.

Azken urteetan egin bezala, Ukrainako gerla eta Gazako genozidioa kontuan izan dituzte festibalaren programazioa osatzeko momentuan, Anne Georget lehendakariak azaldu duenez. Hala, hainbat sailetan izanen dira gatazka horiek gertatu ahala kontatzen dituzten filmak, baita Afghanistan, Nigeria, Iran edo Kongon bizi den bortizkeriaren lekukotzak ere.

Hamalau sari banatuko ditu aurtengo Fipadocek, errealitateari eta sorkuntza gazte eta ausartari begiak itxi gabe. Ostiralean izanen da irekiera gala, Gare du Midin, Valentin Paoliren La Baleine et le Musicien filmaren proiekzioarekin.


Dokumentalak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...