argia.eus
INPRIMATU
Euskal Eskola Publikoaz Harrok manifestazioak antolatu ditu EAEko Hezkuntza Lege Aurreproiektuaren aurka
  • Ikasturte hasieran salatu bezala, Hezkuntza Lege Aurreproiektuak euskal eskola publikoa sendotu ordez ahuldu egiten duela adierazi du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak. Haien ustez, publiko-pribatu sistema duala betikotzen du, ez du eskola publikoa lehenesten, ikastetxeak merkatuaren logikan sartzen ditu, ez du umeen euskalduntzea bermatzen, ez du segregazioa gainditzen eta ez du laikotasunaren alde egiten.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 01a
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean egindako prentsaurrekoa. Argazkia: Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea

Prentsaurreko bidez adierazi du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak Hezkuntza Lege Aurreproiektuarekiko desadostasuna, eta ekainaren 9an Bilbon, Donostian eta Gasteizen antolatutako manifestazioetan parte hartzera dei egin du. Euskal eskola publikoa sendotu ordez ahuldu egiten duela, eta legeak duen akordio sozial falta mahaigaineratu du.

Lege aurreproiektuari ezezkoa adierazteko hainbat arrazoi aipatu dituzte Topagunea osatzen duten eragileek. Lehenik eta behin, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko asmatu berri baten bidez "publiko-pribatu sistema duala betikotuko" duela diote. Antza, egitura horrek ez du oinarri juridikorik eta Europan guztiz ezhoikoa da, eta sare pribatua eta publikoa berdindu egiten ditu nahiz eta helburuak eta baldintzak guztiz ezberdinak izan.

Itunpeko ikastetxeei aro luze baterako etorkizuna zein finantzaketa bermatzen dienez, salatu dute ez duela eskola publikoa lehenesten. Kontrara, euskal eskola publikoa auzo eta herri guztietara hedatzeko "plangintza estrategiko falta" azpimarratu dute manifestazioen antolatzaileek. 

Gainera, merkatuaren logikan sartzeko pausuak ematen dituela uste dute, "ikastetxe guztien arteko lehiakortasun lasterketa zoroa" sustatzen" baitu haien esanetan. Aipatu lehia, ikastetxe guztiak baldintza berdinetan ez daudenez, publikoaren kaltekoa izango dela adierazi dute.

Euskal Eskola Publikoaz Harroren aburuz, Hezkuntza Lege Proiektuaren oinarri izan beharko lukete euskalduntzea, segregazioari aurre egitea eta laikotasuna; baina hezkuntza legeak horiei ez diela "behar bezala ez erantzuten" salatu dute. Euskalduntzea sustatzeko eta laikotasunaren alde egiteko zehaztasun falta dagoela eta segregazioari aurre egiteko ez duela arazoaren sustraira jotzen diote.

Nondik irtengo dira manifestazioak?

Ekainaren 9an izango dira manifestazioak arratsaldeko 18:00etan. Bilbon Plaza Eliptikotik, Gasteizen Plaza Berritik eta Donostian Bulebarretik abiatuko dira.