Espainiako erregeak Mondragon Kooperatiba bisitatu du astearte honetan, eta Ernaik mobilizazio jendetsuarekin erantzun dio Arrasaten, Erregea Debagoienatik kanpora! Gurea, Euskal Errepublika! lelopean.
Felipe VI.ak, Pradales lehendakariarekin batera, Mondragon Korporazioaren Zuzendari eta Kooperatiba Hezkuntza Zentroa bisitatu ditu astearte honetan. Arduradunek adierazi dutenez, “kooperatiben eredua, haien ibilbidea eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko” aukera izan du. Otaloran (Aretxabaleta) egindako topaketan, taldearen ibilbidea eta bilakaera aurkeztu dituzte, baita datozen urteetan haren “garapena gidatuko duten ildo estrategiko nagusiak” ere. Mondragon Kooperatiba “nazioarteko lehiakortasuna, berrikuntza, pertsonen parte-hartzea eta konpromiso soziala uztartzeko” formula gisa aurkeztu dute monarkaren aurrean.
Espainiako erregearen bisita Gasteizen hasi da goizean, 2026ko Estatuko Ikerketa Sariak banatzeko ekitaldian. Ondoren, Aretxabaletara eta Oñatira joan da, eta Tolosan bukatu du eguna.
Baina ez dira bakarrik egon: ehunka gaztek Arrasateko kaleak hartu dituzte, monarkak ongi etorriak ez direla adierazteko eta independentziaren aldeko aldarria zabaltzeko. Arrasateko plazan elkartu dira, eta Euskal Errepublikaren aldeko oihuak entzun dira herrian. Gasteizen ere erregearen aurkako elkarretaratze errepublikarra egon da ¡Juicio al corrupto borbón! lelopean.
Oñati eta Tolosa ere bisitatu ditu
Otalorako bisitaz gain, Felipe VI.a Onnera Group S. Coop. kooperatibak Oñatin (Gipuzkoa) dituen instalazioetara joan da. Osasun-sektorerako eta ostalaritzarako soluzio integralak garatzera bideratuta dagoen lantegi berria bisitatu du bertan. Antolatzaileen arabera, instalazioetan egindako ibilbidean, “ekoizpen-prozesuak, garapen teknologikoa eta industria-gaitasuna” ezagutzeko aukera izan du.
Azkenik, Tolosara joan da, kasu honetan lehendakariaren konpainiarik gabe. Kooperatibak “Frantzian, Polonian eta Mexikon dituen lantegiak eta industria-espezializazioaren eta balio erantsi handiko fabrikazioaren aldeko apustua" erakutsi dizkiote antolatzaileek.