Apirilaren 13an hasita, ETB1 On-ek egunean hamabi orduz haur eta gaztetxoentzako edukia eskainiko du, linea konbentzionalean transmitituko duena. Makusiko edukia, horrez gain, Youtuben ere emango dute.
Iragan martxoaren 16tik, 24 orduz haurrentzako edukia eskaintzen zuen ETB3 telebista katea ordeztu du ETB1 On kateak. Polemika sortu da, haurrentzako edukia baztertuta uzteagatik, eta atzera egin du EITBk. Apirilaren 13tik aurrera, ETB1 On-ek haurrentzako edukia eskainiko du egunean hamabi orduz, 07:00etatik 19:00etara. Eguna iritsi bitartean, ETB1en haurrentzako edukia sustatuko dute, Makusi plataforman dagoena, berriak jaso duenez. Beste berrikuntzetako bat da Makusi plataformako edukia Youtuben ere eskainiko dutela, nazioarteko eskubide murrizketarik gabe.
Martxoaren 16ean iragarri zuen Aldatu Gidoia Euskararen Alde herri mugimenduak EITBk 170.000 haur eta gazteren “eskubideei” eragingo dien neurria hartu zuela: haur eta gaztetxoei zuzendutako ETB 3 katea ixtea. Ondoren, EITBk baieztatu zuen ETB3 eta ETB4 ETB1 On eta ETB2 On kateek ordeztuko zituztela, baina zehaztu gabe haurrentzako edukia zenbat orduz eskainiko zen. Abendutik ETBko zuzendaria den Isabel Octavio Urangak Berria-n emandako elkarrizketan azaldu zuen “erabakiaren helburua euskara, euskal kultura eta gure edukiak interneten egotea” dela, “uste dugulako etorkizuna hortik datorrela”.
Erabakiaren aurrean, alde batetik EITBko langile batzordeak EITBk plataformen hedapenerako hartutako estrategia salatu zuen, ETB 1 On eta Makusi plataformak haurrentzako espazio murritzagoak izango zirelako.
Bestetik, martxoaren 30ean Pantailak Euskaraz plataformak ETB3 ez itxi! lelopean, erabakiaren aurkako kanpaina abiatu zuen. Bi astetan 30.000 sinadura jaso zituzten hainbat eragile eta sindikatu bildu zituen kanpainak: Euskalgintzaren Kontseilua, Aldatu Gidoia, Ikastolen Elkartea, Sortzen Elkartea, Taupa Mugimendua-kukulaisi, Hezten taldea, Zirimola Aisialdi Taldea, Gazte Euskaltzaleen sarea eta ETBko ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak.
Martxoaren 30ean egin zuten elkarretaratzea ETB3 katearen itxiera ekidin eta “bere sorrera legean dagoen euskararen normalizaziorako helburuari lotu” zedin. ETBko zuzendariak adierazitako datuen arabera Makusi plataformak 90.000 profil baditu ere, talde euskaltzaleek ohartarazi dute Euskal Herriko etxe ugarik ez dutela aukera telebistan ikusteko, interneterako konexio falta edo bateragarritasun faltarengatik. Horri aurre egiteko, Youtuben ere emango dute orain Makusi.
"Aktibazioaren eta presioaren emaitza" den erabakia
Pantailak Euskaraz-ek ohar baten bitez jakinarazi du apirilaren 1ean EITBko zuzendaritzarekin bildu zirela hainbat talde eta eragile, EITBk deituriko bileran. Bertan azaldu zuten ETB3 itzuliko ez bada ere haur eta gaztetxoentzako edukia eskaintzeko hartu duten neurri berria. Pantailak Euskaraz-ek adierazi duenez, “euskalgintzaren eskaerei erantzunez, haurrentzako euskarazko edukiak ETB1 On katearen bitartez bermatzeko prest agertu ziren”. Baikor azaldu dira plataformako kideak: “Haurrek telebista ikusteko ordutegiaren zatirik handienean, euskarazko haurrentzako eskaintza modu unibertsalean eta irisgarrian bermatua egongo baita”.
Pantailak Euskaraz-ek nabarmendu du EITBren proposamen berriak ez direla "ezerezetik sortu", baizik euskaltzaleon aktibazioaren eta presioaren emaitza izan direla. Euskal gizartea zoriondu dute, eta eragile desberdinen arteko elkarlanari balioa eman nahi izan diote, “ekarpena funtsezkoa izan baita EITBk atzera egin eta haurrentzako edukia modu irisgarrian emateko”.
Azkenik, EITBk euskalgintzako eragileekin “kontrastatzeko foro bat” osatuko du. Taldeak adierazi du “aldian-aldian estrategiak partekatuko" liratekeela euskalgintzako hainbat eragilerekin, eta "bereziki euskarazko ikus-entzunezko edukien sustapenean dihardutenekin”. Herritar, eragile eta erakundeen arteko "elkarlana" eginez euskararen normalizaziorako aurre egin behar zaien “erronka handiei” erantzuteko "espazio interesgarria" izan daitekeela iruditu zaie.