argia.eus
INPRIMATU
Euskal amama mitiko gehiagorik ez, arren!
  • Konfinamenduaren insomnio gaua izan dut gaur, eta zer eta Amama pelikula ikusten hasi naiz goizeko laurak jota. Pelikularen osteko lo-kuluxkatik esnatu (esnatu-edo), eta baratzeak eta gure "amonak" lotzen dituen artikulu bat irakurri dut. Lo faltak emozioak eta arreta findu eta pazientzia gutxitu dizkit, eta haserretu egin naiz.

Marta Barba Gassó 2020ko apirilaren 22a

Beste behin, "euskal amama(k)"; gorputzik eta ahotsik ez duten amama sinbolikoak; Oteizaren 80 amamak; ondorengoak lotzen agertzen diren amamak. Gizonezkoek aintzat hartutako amonak. Nago aitortza egitea eta ideia batzuk erreproduzitzearen artean alde handia dagoela. Eta gizonezkoek emakumeoi* aitortza egiten digutenean susmagarri suertatzen zait. Nork bere pribilegioak ukatzea baino, besteek egin duten lana ikusarazi, eta bide batez beste horiek –kasu honetan emakumeak– lan batzuekin lotzen jarraitzea, ez al zaie errazagoa? Susmagarri.

Badira hainbat urte hazien eta landutako aldaeren inguruan ikertzen ari naizela. Askoren harridurarako, antropologiatik. Hasieratik, maiz idealizatzen dugun gertuko iragan bati lotu baino, egungo harreman, praktika eta jakintzetan jarri dut arreta. Izan zirelako gara, bai. Baina (eta) garelako izango dira. Eta garelako gara. Gainera, lehenaldi, orainaldi eta etorkizunaren arteko harreman eta genealogia horiek horren naturalak ez direla irizten diot; hots, kolokan jarri behar ditugula.

Gutxi ikertu da zer dela eta batzuek eta ez besteek egiten zituzten haziak biltzeko lanak Euskal Herrian

Orainaldiari lotu nahi, bai, baina iraganari erreferentzia egiten diotenak ohiko bilakatu zaizkit nire ikerketa ibilbidean. Maiz gizonezkoek eginda. Maiz, "amona" orokor bat interpelatuz. "Gure amonek gordetako haziak" dira egun ditugun "hemengo" haziak. Omen. Gutxi ikertua dago, aitzitik, nola, non, eta zeintzuek gordetzen zituzten haziak Euskal Herrian. Are gutxiago, zer dela eta batzuek eta ez besteek egiten (omen) zituzten lan horiek. Badaezpada ere, ez ulertu gaizki, ez nago emakumezkoek historikoki esleitu zaizkien rolengatik egin dituzten lanak ikusaraztearen kontra. Lan horiei duten garrantzia aitortu egin behar diegu, eta emakumeek egindako lanaren garrantzia eta logikak ikertu, jaso eta zabaldu behar ditugu. Alta, horrekin ez dugu emakume eta lan horien arteko lotura finko, esentzialista eta naturalizatzailerik eraiki behar. Eta berriz diot, gizonezkoek aitortza hori egiten dutenean, susmagarria da.

Amama pelikulan aita eta alabaren arteko une gatazkatsuetako batean haziak agertzen dira. Aitak galdetzen dio alabari, erantzuna espero gabe, ea ba al dakien zergatik hazi horiek ereiten dituen. Aitak berak ematen dio erantzuna berehala: "gure aurrekoen jakituria gordetzen dutelako". Haziez eta bertako aldaerez hitz egitean, maiz azpimarratu egiten da haziak erein eta ernalduko diren objektu soilak baino zerbait gehiago direla. Hazietan jakituria pilatzen da. Haziak bizimodu ezberdinak bizirauteko bide dira, autonomiaren akuilu. Haziak ingurunea eta gizakiaren arteko harremanaren ondorio dira. Haziak errotuta daude. Izan ere, hazi horiek urterik urte eta, maiz, belaunaldiz belaunaldi gorde eta sortu egin dira. Landare onenetako haziak hautatu, ondo gorde, partekatu, eta berriz erein egin dira, eta horrela aldaerak sortu eta bertakotu egin dira. Aldaera horiekin batera, jakintzak, lotura emozionalak, erritualak eta sinesmenak ere eraiki ditugu. Horregatik esaten dugu haziak ez direla bakarrik haziak. Ez direla bakarrik hurrengo uztaren oinarria. Baina hori ere badira, noski.

Esan bezala, maiz, belaunaldiz belaunaldi pasa egin dira hazi horiek. Baserriari lotua egon dira. Ez beti, hala ere, eta beste bide batzuen bitartez ere ari dira zabaltzen eta mantentzen. Ari gara. Errealitatea ez da horren monolitikoa, alegia. Baina bai, haziak belaunaldiak lotzeko eta genealogiak sortzeko bide dira. Bide interesgarria eta emankorra, nire aburuz. Beti bezain zirikatzaile eta iradokitzaile, Donna Haraway pentsalari feminista eta ekofeministak –biologoa eta filosofoa, besteak bete–, bere azken testuetako batean erronka botatzen digu: senidetasun harremanak eraiki ditzagun ugalketa eta genealogietatik harago, baita espezie kategoriatik harago ere. Ahaidetasuna bizitza sortu soilik ez, bizitza sostengatzen duten harreman estu eta egonkorrekin lotzen dugu, eta horiek ez dira soilik "odolezkoak" edota "bertikalak". Berdinen arteko eta elkar-babeserako sare eta komunikateen (barkatu, komunitateen) harremanak ere ahaidetasun-harremantzat hartzeko gonbidapena egiten digu gurean Mari Luz Esteban antropologo feministak. Izan ere, balizko amona horiek lotzen dituen soka itogarria da gehiegitan; bestetan, soka berberak aitortza eta eskubideak ematen dizkie bortitz zaizkigun harremanei; azkenik, funtsezkoak zaizkigun hainbat eta hainbat harreman ikusezin bilakatu eta baliogabetu egiten dute ahaidetasun estu horrek eta horren arabera sortutako lege, arau, erantzukizun eta eskubideek.

Haziekin ditugun harremanak ahaidetasunetik uler ditzaketu? Baiezkoan nago

Orduan, aipatu haziekin ditugun harremanak ahaidetasunetik uler ditzakegu? Baiezkoan nago. Elkarren menpe eta elkarren beharrean gaude, zaintza eta arreta ikaragarria dugu haziekin, horiekin identifikatzen gara eta gurekin identifikatzen dituzte, baserriari lotuak dira maiz, eta afektibitatea eraikitzen dugu beraien inguruan. Urteotan haziren bat gorde izan duenak badaki zertaz ari naizen. Bai, baiezkoan nago. Eraiki ditzagun harreman estuak haziekin. Aitortu ditzagun. Baina ez edonolakoak.

Estebanen ildotik, ahaidetasuna ez dugula beti belaunaldika eraikitzen ere diosku Harawayk,

Gizonek bideratutako eta araututako gizarte batean amama mitiko gehiagorik ez, arren!

genealogietatik harago doala, alegia. Eta ados nago horrekin, baina genealogiak baztertu baino, beste modu batez eraiki behar ditugula uste dut. Sar ditzagun gure zuhaitz genealogikoetan 80 amamen kate horretan ez daudenak. Feminismotik, gainera, asko azpimarratu dira bestelako genealogiak. Nor garen ulertzeko, nondik gatozen problematizatu egin behar dugu, eta berreraiki. Hartara, eraiki ditzagun genealogiak. Lotu gaitezen, hala nahi badugu. Haziekin, baserriekin, lurrarekin, edota makinekin ere, Harawayk proposatuko zigun moduan. Baina ez ditzagun erreproduzitu menpekotasun egoera batzuetara ekarri gaituzten harreman eta rolak. Balizko euskal-tasun baten izenean (edo ez), gizonek bideratutako eta araututako gizarte batean amama mitiko gehiagorik ez, arren!