argia.eus
INPRIMATU
Euskadiko Idazleen Elkartea diruz laguntzen jarraituko du Jaurlaritzak
  • Euskadiko Idazleen Elkartea 2010ean osatu zuten, Euskal Idazleen Elkartean soilik euskaraz idazten zuten idazleak zeudelako. Martxoan, Euskadiko Idazleen Elkarteari diru laguntza kentzea erabaki zuen Jaurlaritzak, ez zuelako “behar bezala” erabili. Orain, ordea, ematea erabaki du. 

ARGIA @argia 2013ko urriaren 21a
Luisa Etxenike, Euskadiko Idazleen Elkarteko lehendakaria. (Arg: Euskadiko Idazleen Elkartea)

2012an, 29.000 euro eman zizkion Jaurlaritzak Euskadiko Idazleen Elkarteari haren proiektuak zuzentzeko. Aurtengo martxoan, Kultura sailburu Cristina Uriartek jakinarazi zuen elkarteari laguntza kenduko ziola, ez zuelako dirua “hasiera batean zehaztutako helburuentzako bideratu”.

Elkarteak, baina, lortu du laguntza mantentzea, Kultura sailburuorde Joxean Muñozekin bilera egin ostean, El Mundo egunkariaren arabera. 

Euskadiko Idazleen Elkartea, polemika iturri

Proiektu konkretuek jasotzen dituzte diru-laguntzak, ez elkarteek zuzenean. Euskal Idazleen Elkarteko zuzendari Ander Iturriotzek salatu du Euskadiko Idazleen Elkarteak ez duela “egitasmo zehatzik”, eta horren ondorioz galdu zuela diru-partida. Galera justifikatzeko gainontzeko argudioak “hutsaren hurrena” iruditzen zaizkio.

“Egun Euskadiko Idazleen Elkartea baldin badago da PSEk sortu zuelako Eusko Jaurlaritzara heldu zenean”. Esan duenez, Euskal Herrian egindako gaztelerazko literaturak ez du inoiz antolatzeko gaitasunik izan. Horregatik, salatu du Patxi Lopezen garaiko gobernuak gazteleraz idatzitako literatura “hauspotu” zuela.

Bi hizkuntzetara “irekitako” elkartetzat du bere burua Euskadiko Idazleen Elkarteak –bi hizkuntza horiek gaztelera eta euskara dira-. “Euskal literatura ez da soilik euskaraz egiten dena”, esan du Luisa Etxenike elkarteko zuzendariak, auzi linguistikoaren harira.

Martxoan, Uriartek jakinarazi zuenean laguntza kenduko ziola Euskadiko Idazleen Elkarteari, PSEk salatu zuen Jaurlaritzak gaztelerarekiko jarrera “baztertzailea” duela.

Iturriotzek dio gaztelera baztertuta dagoela esatea, “betiko leloa” dela, eta ez dela egia.

Euskadiko Idazleen Elkarteak idazle erdaldunak eta euskaldunak biltzen ditu; Euskal Idazleen Elkarteak, aldiz, euskaraz baino ez direnak aritzen.

Besteak beste, honako idazleek osatzen dute Euskadiko Idazleen Elkartea: Fernando Savaterrek, Luisa Etxenikek eta Antonio Altarribak.

Hemen elkarteko idazle guztien zerrenda.