Euskal Federazioak ofizial izaten jarraituko du, auzitegiak Espainiakoaren helegitea baztertu ostean

  • Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioan Euskadiko Federazioa sartu izanari –eta horrenbestez, ofizialki lehiatzeari– helegitea jarri zion Espainiako Pilota Federazioak Kirolaren Arbitraje Auzitegian (KAA). Auzitegiak ez du eskaera onartu, helegitea aztertzeko eskumenik ez duela argudiatuta.

Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko Durangon egindako ekitaldia, 2022an, Munduko Pilota Txapelketaren atarian. Gu ere bai

2026ko urtarrilaren 21ean - 10:39
Azken eguneraketa: 2026-01-22 18:31
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2024ko abenduan, Euskadiko Euskal Pilota Federazioa Nazioartekoan sartzea onartu zen, Iruñean egindako batzarrean. Horri esker, ofizialki lehiatzen ari da Euskadiko federazioa. Espainiako eta Kubako federazioek, ordea, helegitea jarri zioten erabakiari. Espainiakoak arrazoitu zuen batzarra “irregularra eta opakua” izan zela, Espainia “modu arbitrarioan” baztertu zutela bozketan, federazioak ezarritako diziplina-zigorragatik ezin zuelako parte hartu. Parte hartzea galarazi izana ukatu zuen ondoren Nazioarteko federazioak. Bidean, Kubako federazioak atzera bota zuen bere helegitea.

KAAk orain eman du ebazpena: Nazioarteko federazioaren estatutuetan ez da ahalbidetzen KAAra jo ahal izatea, batzar nagusian hartzen diren erabakiak auzitan jartzeko. Alegia, bertako erabakiak ezin ditu zalantzan jarri KAAk, eta beraz, ez du helegitea aztertzeko eskumenik.

Ondorioz, beste epaitegi batzuetara jotzeko epea gaindituta, ofizial izaten eta ofizialki jokatzen jarraituko du Euskadiko selekzioak. Edonola, kirol arloan auzitegi gorena KAA da.

Horrez gain, 2.159 euro ordaindu behar dizkiete Espainiako eta Kubako federazioek Euskadi eta Nazioartekoari, prozesuak sortutako kalte ordainengatik.

“Espainia bakarrik geratu da”

Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea pozik agertu da, arrazoia eman dietelako, eta aurrez esandakoa berretsi duelako auzitegiak: “Gauzak ondo egin genituela”. Halere, urte gogorra izan dela gaineratu du: “Ez genuen honetara iritsi behar”. Nazioarteko federazioko gainerako kideen aldetik jasotako babesa ere nabarmendu du. “Espainia bakarrik geratu da”.

Nazioarteko federazioak ere pozik hartu du ebazpena. Bere hitzetan, prozesua “demokratikoa eta legitimoa” izan zela erakusten du.


Irakurri gehiago: Euskal selekzioak Kirola Pilota
Euskal selekzioak kanalean gehiago
2025eko azaroaren 19
Berriketa gutxi
Mendi tontor

2025eko azaroaren 19
51.396

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...