Euskadi ez da dena, ez eta zena ere


2026ko ekainaren 7an - 08:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

EAJ inguruko batzuek ezinegona adierazi dute Euskadi terminoaren eta ikurrinaren ustezko gainbehera dela eta. Ez, baina, espainiar edo frantsesekin alderatuta! Nafarroakoaren aurrean protagonismoa galtzen dabilela sumatu dute, antza. Min ematen dit protekzionismo etxekalte
horrek.

EAJren barruan sortuak dira Euzkadi eta ikurrina. Altxamendu faxistan eta frankismoan berebiziko indarra eta esanahia izan zuten. Zaindu beharreko ondarea, duda barik. “Gora Euskadi Askatuta!” diote tarteka, egun ere. Gora!

Baina kontua da Euskadik eta ikurrinak, gero eta gehiago, EAE soilik ordezkatzen dutela. Atzean geratu da lehen aipatu garaietako zentzua. Beharbada, paradoxikoki, EAEn ofizialak direlako.

Kontua da Euskadik eta ikurrinak, gero eta gehiago, EAE soilik ordezkatzen dutela. Atzean geratu da lehen aipatu garaietako zentzua

Bestalde, atentzioa ematen dit kide horiek historia noiztik kontsideratzen duten. Badirudi ez dagoela historiarik alderdia jaio aurretik; Historia jeltzaleek egin dutela, alegia. Asko egin dute euskal abertzaletasunean, zalantzarik ez; baina ez dira historian bakarrak. Aurretik bazen eta orain ere bada (?) nazionalistarik.

Ikurretara bueltatuz, Nafarroako armarriak XIII. mendean dauka jatorria, oker ez banago. Erresuma edo estatu independente baten ikurra zen. Hori adierazten du muturra okertu arazten dien Nafarroako bandera “ez ofizial” horrek. Ikurrina, berriz, independentista da: gogo baten adierazpena, baina ez izanarena. Ez daude norgehiagokan, bata bestearen ondorio da.

Egun, biak batera azaltzen direnean, Herri bera adierazten dute: independente izana batak eta berriz ere izateko gogoa daukana, besteak. Historia bidegabe bat kontatzen dute: estaturik gabeko nazioa baino, militarki estatu gabetutako nazioa garenarena. Baina hori nire ikuskera da, eta bakoitzak lantzen du berea. Abertzaletasunaren osasunerako, alderdikeriak albo batera utzita, hobe.

Iñaki Idigoras Igartua, ingeniaria

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Irakurleen gutunak Iritzia Politika
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...