argia.eus
INPRIMATU
Europarren %86k pairatuko ditu uholdeen kalteak klima aldaketaren ondorioz, kasurik arinenean
  • Ikerketa berri batek ondorioztatu duenez, lurraren tenperaturak igotzen jarraitzen badu, uholdeen arriskua areagotu egingo da. Hala izanez gero, kalteak nabarmenak izango lirateke herritarrentzat.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko otsailaren 01
Urte hasieran Parisen izandako uholdeak. Irudia: Thibault Camus

Parisko Akordioan nazioarteko potentziek adostu zuten, epe laburrera begira, lurraren tenperatura ez litzatekeela 1,5 gradu baino gehiago igo behar. Dena dela, 2 edo 3 gradu igotzeko arriskua agerikoa da. Kasurik arinenean ere, hau da 1,5 gradu igoko balitz, herritarren %86 pairatuko lituzke uholdeen kalteak; %123 tenperatura 3 gradutan igoko balitz.

Europar Batasunak antolatutako Climate jardunaldietan azaldu dituzte klima aldaketak zein eragin izango dituen Europan datozen urteetan. Hiru ikerketa aurkeztu dituzte, hiruak Mendebaldeko Europan eta Europa Erdialdean jartzen dute fokuak eta bakoitzak arlo bana lantzen duen arren, ondorio nagusia klima aldaketak uholdeetan izango duen eragin zuzena da. 

Jardunaldiak etorkizuneko arriskuez ohartarazteaz gain, hartu beharreko prebentzio neurrien berri ematen du. Hala ere, egungo baliabide teknikoak direla medio, prebentzio planak ezin daitezkela zehatzak izan azaldu dutenez. Dena dela, ikerketak nabarmendu du badela garaia nazioarteko agintariek ardurak hartzen hasteko eta, modu zuzenean, klima aldaketa bultzatzen duten faktoreak kontrolatzen hasteko.