Europari, migratzaileak bost


2026ko ekainaren 8an - 09:45
Greziako Lesbos uharteko migratzaileak, Moriako kanpalekua erre ostean bide izkinan lotan. Ane Irazabal/ARGIA CC-BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aurten bete da hamarkada bat Europak migrazio berbari krisi abizena gehitu zionetik. Orain hamar urte sinatu zuten Europako Batasunak eta Turkiak akordio famatu hura, Siriako gerratik ihesi EBko herrialdeetara heltzen ziren migratzaileei ateak itxi zizkiena. Lehen akordio horrek Mediterraneoko beste ibilbide batzuetakoak ere ahalbidetu zituen, eta antzerako tratuak egin ditu Europak Afrika iparraldeko eta mendebaldeko zenbait estaturekin. Eta lehen pauso horren urteurrena ospatzeko-edo, orduko akordioa sendotu, eta ofizial egiteari ateak ireki dizkio EBk: onartu egin du migratzaileei Europara heltzea galaraziko dieten Europaz kanpoko herrialdeetan zentroak zabaltzea. Alegia, duela bi urte Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak Albanian egin eta Europak gaitzetsi zuena orain lege da, Europako eskuinaren eta eskuin muturraren botoei esker.

Europak azken urteetan nabaritu du gai hori mahai gainean duela. Melonik zabaldu zuen berriz bidea, 2024an Albaniarekin tratua egin eta Italiako migratzaile irregularrak bertara deportatzeko zentroa eraikita. Data bertsuetan egin zuen are proposamen polemikoagoa Rishi Sunak orduan Erresuma Batuko lehen ministrogaiak: hauteskundeak irabaziz gero, bere herrialdeko migratzaile irregularrak eta asilo eskatzaileak Ruandara bidaliko zituen. Neurri hori ez zen indarrean sartu, baina bai horren ondorengoa: Ingalaterrako kostaldean ainguratutako itsasontzi-kartzela batean sartu zituzten migratzaileak, baldintza kaskarretan zenbait elkartek salatu zutenez; migratzaile bat hil zen bertan.

Horiek bi adibide polemiko eta mediatiko baino ez dira, Europan eta Europako atarian gertatu direlako. Baina orain onartu duten legediak migratzaileak zein herrialdetara bidali ditzakeen ezin jakin: ez dute aurreratu zein gobernurekin ari diren negoziazioetan, proposamenarekiko zalantza legalak baitituzte, baina Uzbekistan eta Kazakhstan gisako herrialdeak dabiltza diplomatikoen eta adituen ahotan. Biak ala biak giza eskubideen defentsan egiten duten lan hutsalagatik ezagunak. 

Alegia, problema ez da horrenbeste giza eskubideak bermatzea, Europan zein Europatik kanpo ikusi baita migratzaile eta asilo eskatzaileek pairatzen dituzten muturreko egoerak; ikusi besterik ez dago, aipatu migratzaileen krisi horretan, Lesboseko bizi baldintza negargarriak, edukiera biderkatuta zeukaten kanpalekuetan. Arazoa da Europatik kanpo eramanda ezinezko bihurtzen dela, praktikan, giza eskubideak betetzen diren edo ez aztertzea eta zentro horien jarraipena egitea; eta horrek sortu dezakeela inpunitate, deportazioen kate eta lege zein eskubide urraketen zerrenda amaigabea.

A, baina, horiek ez dute inporta; Europari bost axola migratzaileak eta beren eskubideak. 


MIgrazio-nekropolitikak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...