Ekialde Hurbileko gerrak eragindako mundu mailako krisiaren aurrean, mezu apokaliptikoak zabaltzen eta neurri kontraesankorrak hartzen ari da Europar Batasuna. Dan Jorgensen Europako Energia komisarioak dio "historiako energia-krisirik larrienaren" atarian gaudela, baina herrialde kideek neurri "anbiziotsuagoak" eskatu dizkiote EBri.
AEBek eta Israelek Iran bonbardatu ostean Ekialde Hurbilean piztu zen gerrak milaka hildako eragin ditu. Al Jazeera-ren datuen arabera, gutxienez 3.375 Iranen, 2.702 Libanon eta 28 Golkoko estatuetan. Horrez gain, gatazkak mundu mailako krisi ekonomikoa eragin du, Ormuzko itsasartearen itxierak erregaien prezioak izugarri igoarazi dituelako. Ez da gutxiagorako, munduan kontsumitzen den petrolioaren bosten bat bertatik igarotzen baita. Orain arte, horren ondorio ekonomiko zein ekologikoez ohartarazi dute hainbat eta hainbat erakunde eta adituk. Aste honetan, krisia gainean duela, Europar Batasuna izan da mezu apokaliptikoak zabaldu dituen azkena. Dan Jorgensen Europako Energia komisarioak asteartean adierazi zuenez, "historiako energia-krisirik larrienaren" atarian gaude.
Hildakoak gorabehera, Europar Batasuneko egoitzen korridoreetan eztabaida beste bat da. Nola aurre egin datorren krisiari? Eztabaidak EBko herrialdeak parez pare jarri ditu, eta agintariek mezu kontraesankorrak jalgi dituzte azken egunotan. Izan ere, geldialdi ekonomikoaren ondorioei buruzko diskurtso apokaliptikoak zabaldu dituzten bitartean, proposatu dituzten irtenbideak kontsumo-gomendioak edo oso epe luzerakoak dira. Alegia, amildegiaren ertzean gaudela ohartarazten duten mezuen aurrean, iradokizunetatik haratago ez doazen erremedioak errepikatzen dira.
Agerian geratu da Europako herrialdeen ekonomien sendotasuna eta erresilientzia zaurgarriak direla, eta kolokan daudela. Jorgensenen hitzetan, oraingoz, Europak energia-etenik gabe eutsi ahal dio, baina "gerta daitekeela" aitortu du, eta, horregatik, Brusela "prestatzen" ari da Ekialde Hurbileko gatazkaren larriagotzeari aurre egiteko. Aipatu dituen prestaketa horiek epe laburrean "arriskuak kudeatzea, horniduraren segurtasuna bermatzea eta herritarrak babestea" dira, merkatu energetikoen egonkortasun ezaren aurrean. "Trantsizio energetikoa bizkortzea eta gure ekonomiak elektrifikatzea da egungo krisitik ateratzeko bide iraunkor bakarra, eta etor daitezkeenen aurrean bermerik onena", adierazi du Jorgensenek berak.
Horren aurrean, EBko hainbat herrialdek kexak helarazi dituzte. Izan ere, neurri horiek lehenago entzun dituzte –Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak eragindako geldialdi ekonomiko ostean–, eta ez zuten eraginkortasun handirik izan. Horregatik, neurri "anbiziotsuagoak" eskatu dituzte EB herrialde andanak, prezio energetikoen igoeraren aurka borrokatzeko. Europako Batzordeak, baina, entzungor egin die eskaerei, eta gomendioak mantentzera eta elektrifikazio-plana iragartzera mugatu da.
Desadostasunak, baina, ez dira horretara mugatu. ElDiario.es-en arabera, herrialde kideen presioen gorakadarekin, azkenean, Bruselak estatuak laguntzeko plan bat onartu du. Dirulaguntza horren bidez estatu kideek erregaien kontsumoa diruz lagundu ahal izango dute "ekonomiaren sektore agerikoenetan: nekazaritza, arrantza, energia industria intentsiboak eta garraioa", abiazioa kontuan hartu gabe. Neurri horrek ere hautsak harrotu ditu herrialde kideen artean, erregai fosilen kontsumorako laguntzak direlako, eta hori ez datorrelako bat Valdis Dombrovskis Ekonomia komisarioaren diskurtsoarekin. Dombrovskis-en arabera, dirulaguntzek ez dute “energia-eskari agregatua handituko”, baina herrialdeek kezka adierazi dute, neurriak kontsumoa bultzatuko lukeelako eta hidrokarburoen prezioa altu mantenduko lukeelako.