Ukrainako Gerra hasi zela lau urte bete direnean, “bakearen aldeko” elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herrian

  • Ukrainako gerra hasi zela lau urte bete dira asteartean, hilak 24. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, 2022ko otsailaren 24az geroztik 15.000 zibil baino gehiago hil dira, horien artean 766 haur; eta zauritu dira 41.000. Bestalde, astelehenean egindako bozketan, Europako Batasunak ez du Errusiaren aurkako zigor-sorta berria onartzerik izan, ezta Ukrainari 90.000 milioi euroko mailegua ematea ere. Hungariak bi akordioen aurka bozkatu du, eta Eslovakiak zigor-sortaren aurka.

     

Lau urtean 15.000 zibil baino gehiago hil da jada. Ales Ustinau / Pexels

2026ko otsailaren 24an - 09:34
Azken eguneraketa: 13:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hungariak iragarria zuen EBren bi akordioen aurka bozkatuko zuela, baldin eta Ukraina ez bada hasten Hungaria bera eta Eslovakia errusiar petrolioz hornitzen –Druzhba oliobidearen bitartez–. Hungariako Kanpo Harremanetarako ministro Peter Szijartok adierazi du Ukrainak gorroto duela Hungaria, eta bere herrialdea burujabea dela zein energia-iturri erosten duen aukeratzeko. Gaineratu du Kievek ez duela eskubiderik Hungariako segurtasun energetikoa arriskuan jartzeko; eta Europako Batzordea kritikatu du, erakundeko kide ez den herrialde baten alde egiteagatik.

Bestalde, EBko Atzerri Politikarako goi ordezkari Kaja Kallas "penaturik" agertu da akordiorik lortu ez dutelako, baina lanean jarraituko dutela adierazi du: "Elkarrekin ahal dugun guztia egiten ari gara, gure lankide hungariar eta eslovakiarrekin harremanetan gaude. Ez da erraza, sekula ez da erraza, baina lanean jarraituko dugu".

Bien bitartean, Aberriaren Defendatzailearen Eguna ospatu du Errusiak astelehenean, eta lau urteotan Ukrainan borrokatu duten ia bi milioi soldaduak omendu ditu Kremlinek. "Errusia bere etorkizunaren, independentziaren, egiaren eta justiziaren alde borrokatzen ari da", adierazi du Vladimir Putinek. Helburu guztiak lortu bitartean Errusiak operazio militarrari eutsiko diola berretsi du Errusiako Gobernuko bozeramaile Dmitri Peskovek, gaineratzearekin bat bere helburuak bitarteko politiko-diplomatikoen bidez lortzeko prest dagoela.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski bideokonferentzia bidez mintzatu da Europako Parlamentuan. Lau urteotan emandako babesagatik eskerrak eman ditu, eta adierazi du Europa eta AEB "bat eginda" aritzen badira soilik eutsi ahal izango diotela Errusiari, jakitun den arren egungo egoeran ez dela erraza bi potentzien arteko batasunari eustea.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek, bestalde, "berehalako, erabateko eta baldintzarik gabeko" su-eten baterako deia egin du, bake justu, iraunkor eta integral baterako lehen urrats gisa, Ukrainaren independentzia, subiranotasuna eta lurralde-osotasuna errespetatuko dituena. NBEk emandako datuen arabera, 2022ko otsailaren 24tik 15.000 zibil baino gehiago hil dira,eta 41.000 zauritu. Zenbaki hotzei begiratuta, urterik gogorrena iazkoa izan zen: 2025ean 2.526 zibil hil eta 12.162 zauritu ziren, 2024an baino %30 gehiago.

Elkarretaratzeak Bilbon eta Iruñean

Asteartean, bakearen aldeko elkarretaratzeak egingo dira Bilbon –18:00etan Isozaki Dorreetan–, eta Iruñean –19:00etan Gaztelu Plazan–. Bilboko ekitaldia UkraniaSOS –Euskranian elkarteak deitu du, "bake justua gogoratzeko, babesteko eta gure ahotsak altxatzen jarraitzeko". Bakearen alde topa egingo dute, eta ostean zuzeneko musika, kandelen piztea, testigantzak eta manifestu baten irakurketa izango dira.


Ukrainako gerra kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 29
Errusiak eraso handiak iragarri ditu Kieven eta Europari mehatxu egin dio
Madrilgo drone enpresak ere oreshnik errusiar misil supersonikoen jo puntuan daude

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...