Plataformako kide batek Osakidetzan euskara-eskakizunak murrizteko egindako eskaera ukatu du, eskumena estatuarena dela argudiatuta.
Osakidetzako profesionalek osatzen duten eta Errenteriako lan deialdiaren aurkako sabotajea bultzatu zuen Unidas por la Igualdad Lingüistica taldeko kideetako batek, taldearen izenean, lanpostu publikoetan egiten diren euskara-eskakizunen inguruko eskabidea aurkeztu zuen Europako Parlamentuko Eskaera Batzordean. Orain.eus-k jaso duenez, plataformak salatu zuen profesional kualifikatuei egiten zaizkien euskara-eskakizunak “oztopo” izan daitezkeela, eta “osasun arretaren kalitatean” eragin dezaketela.
Europako Batzordeak eskaera ukatu du, “egitura konstituzional eta administratiboek” arautzen dutenez, hizkuntza-eskakizunak “agintari nazionalei”, estatuei, dagozkielako. Eskaera irekita mantenduko da batzordeak idatzizko erantzuna helarazten duen arte, eta ondoren, hurrengo urratsak zehaztuko dituzte.
Eskuina eta eskuin muturra alde
PP, Vox eta ECR Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten taldea eskaeraren alde agertu dira. PPren izenean Elena Nevado eurodiputatuak azaldu du osasun sisteman euskara eskatzea “neurrigabea” dela, “berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioen” aurka egiten duelako eta “profesionalen eskasia” dagoelako. Diego Solier ECRko ordezkariak, eta Vox alderdiko Juan Carlos Girautak adierazi dute ezin dela “esperientzia eta prestakuntzaren” gainetik hizkuntza eskakizunik “lehenetsi”.
Idoia Mendia PSOEren eurodiputatuak azaldu du “herritarrek hizkuntza aukeratzeko eskubidea” dutela eta “errealitate soziolinguistikora egokitu” behar direla. Hala ere, eskakizunak “zentzuz” egitearen beharra nabarmendu du, “profesionalen eskasia dagoen garaiotan talentua ez galtzeko”.