Europan zabaltzen ari diren protesten erradiografia

  • Frantziako Estatuan bezala, Europako beste hainbat herrialdetan izan dira protestak asteburuan. Italian, Belgikan, Albanian, Portugalen... bizitzaren garestitzearen kontra batzuetan, ustelkeriaren aurka besteetan, edota etxebizitza eskubidearen alde, hamaika arrazoirengatik ari dira bateko eta besteko herritarrak mobilizatzen. Gazteak dira haietako asko. Instituzioek ez dietela haien beharrei erantzuten diote.


2026ko urriaren 26a - 10:02
Azken eguneraketa: 16:27
Bruselan ere liskarrak izan dira asteburuan. Belga/Dirk Waem
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Frantzian, Barne ministro Laurent Núñezek adierazi duen arren asteburuan "istilu larririk" ez dela izan, ez behintzat astebete lehenagoekin alderatuta, poliziek 1.435 lagun atxilotu dituzte. Bestalde, gobernuak emandako datuen arabera, Paris, Tolosa, Reims eta beste hiri batzuetan izandako liskarretan 267 polizia eta gendarme zauritu dira, eta 150 manifestari. Orotara 70.000 bat poliziak kontrolatu dituzte asteburuko mobilizazioak, eta gobernuak manifestazio batzuen ibilbideak aldatu eta beste batzuk debekatu egin ditu. Antolatzaileek adierazi dute 800.000 herritarrek parte hartu dutela bizitzaren garestitzearen aurkako eta hezkuntzaren aldeko protestetan, 400.000tik gora manifestari zenbatu ditu.

Frantziako hiriburuan istiluak izan dira asteburuan, berriro ere.

Euskal Herrian ere izan da mobilizaziorik. Larunbatean, adibidez, 4.000 pertsonatik gora elkartu dira Baionako karriketan Prefekturaren arabera, Lizeoetako ikasleek hasitako mobilizazio zikloaren bigarren asteburuan. Istiluak izan dira manifestazioa amaitzerakoan, eta hamaika pertsona atxilotu ditu Poliziak. Manifestaldia iragaten ari zela, sei bat pertsonako talde bat agertu da Baiona Ttipiko karriketan. Gure Irratiak bildu dituen informazioen arabera, "talde antolatu gisara aurkeztu dira, merkatariak babesteko asmoa zutela erranez". Horietako batzuk frantses bandera edo sinbologia faxista zeramaten, eta haien presentziaz oharturik, manifestari batzuek taldea Baiona Ttipiko karriketatik kanporatu dute. Frantziako Estatu osoan eskuin muturrak Entraide Citoyenne ("Elkarlaguntza hiritarra") deituriko taldeak antolatu ditu, eta hainbat hiritan manifestariei eraso egin diete.

Italian, zerbitzu publikoen alde

Italiako hainbat hiritan liskarrak izan dira manifestarien eta Poliziaren artean, baita Bruselan (Belgika) eta Tiranan (Albania) ere. Portugalen, bestalde, 42 lagun atxilotu dituzte, etxebizitza eskubidearen alde Lisboan eta Oporton egiten ari ziren kanpaldia husteko operazioan.

Milango manifestariek istiluak izan zituzten Poliziarekin bizitzaren garestitzearen aurkako manifestazioetan.

Italian, milaka lagun bildu da hainbat hiritan egindako manifestazioetan. Gazteak dira gehienak, eta bizitzaren garestitzearen, etxebizitzaren prezioaren eta gastu militarraren kontra mobilizatu dira, baita zerbitzu publiko duinen alde ere. Besteak beste Erroman, Milanen, Turinen, Napolin eta Bolonian deituak ziren manifestazioak, eta Poliziak kontrolak areagotu ditu tren eta autobus geltokietan zein saltokiak pilatzen diren guneetan, horien arpilatzeak saihesteko. Oro har, asteburuan ez da aurreko egunetan bezalako liskarrik izan, baina Bolonian barrikadak jarri dituzte manifestariek, eta enfrentamenduak izan dira Poliziarekin.

Protesten testuinguruan, Italiako Barne Ministro Matteo Piantedosik jakinarazi du Urriak 17 mugimenduaren ustezko sortzailea atxilotu duela poliziak. Milanen sortutako kolektibo anonimo horrek 40.000 jarraitzaile baino gehiago ditu Instagramen. Piantedosik adierazi duenez, "30 urteko gizonezkoa da atxilotua, kazetaria, eta Palestinaren aldekoa".

Albanian, ustelkeria jo-puntuan

Albanian, urriaren 13an hasi zituzten protestak gazteek. Hainbat egunez giroa "lasai antzean" egon ondoren –albiste agentziek jaso dutenez–, larunbatean liskarrak izan dira berriro ere Tirana hiriburuan. Alderdi Demokratikoak, oposizioko alderdi nagusiak, elkarretaratzea deitua zuen eguerdirako; eta bi ordu geroago manifestazioa ikasleek. Gazteak Edi Rama lehen ministroaren egoitzara heldu direnean hasi dira liskarrak. Ramaren dimisioa eskatzen dute, eta Alderdi Demokratikoa sistema "mafiosoari" eusteko konplize dela salatzen dute.

Albanian manifestariek su artifizialak bota zizkieten poliziei.

Uda aurreko mobilizazio ziklo garrantzitsutik zetorren herrialdea. Albania ez dagoela salgai adierazi zuten milaka pertsonak eguna joan eguna etorri Tirana hiriburuko kaleetan. Gatazka lokal gisa hasi zena egun gutxian pasa zen herrialdeko panorama politikoa astintzera. "Flamenkoen iraultza" deitu zioten eta bertako ekosistema natural garrantzitsuenetako baten alde mobilizatu ziren herritarrak, Donald Trumpen familiarekin loturiko luxuzko bi proiektu turistikoren aurrean.

Grezian ere kanpaldiak

10.000 pertsonak baino gehiagok egin dute bat egunotan irakasleen eta ikasleen grebarekin Atenasen, eta kanpaldiak egin dituzte Parlamentuaren aurrean alokairu merkeak eta hezkuntza-finantzaketa gehiago eskatzeko.

Belgikan, hezkuntzaren alde, poliziaren indarkeriaren aurka

Belgikan, bereziki hezkuntzara baliabide gehiago bideratu daitezen ari dira borrokan herritarrak. Larunbatean manifestazioa egin dute Bruselan, eta Poliziarekin liskarrak izan dira berriro ere. Mobilizazioetan parte hartzen ari diren asko gazteak dira. Salatu dutenez, Polizia gehiegizko indarrarekin ari da haien aurka. Asteburuan, gas negar-eragilea eta piper-gasa baliatu ditu manifestarien kontra, eta bederatzi lagun atxilotu ditu.

140.000 lagun bildu ziren Bruselan, antolatzaileen arabera.

Portugalen, etxebizitza eskubidea aldarri

Espainiako Estatuan bezala, etxebizitzaren aldeko aldarria da egunotan nagusi Portugalen. Asteburuan poliziek Lisboa eta Portoko kanpalekuak indarrez hustuta, kanpin dendak berriro jarri ala ez erabakitzen ari dira herritarrak. Bitartean, Portugalen ere greba orokorra egitea proposatu dute. Bai egunotako manifestazioetan, bai kanpalekuetan egindako asanbladetan, greba deialdiaren ideiak tarte zabala izan du. Asmoa litzateke azaroaren 11n egitea, Espainian bezala.

Etxebizitzaren aldeko kanpaldiak egiten ari dira Portugalen.

Nazioartea kanalean gehiago
2026ko azaroaren 18
Fernanda Neculman. Maputxearen urguilu zuzena
"Maputxe garela ahoz gora esatea adore ekintza da oraindik"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.