Europako lurren %70 pestizidek kutsaturik daude, ‘Nature’-k plazaratutako ikerlanaren arabera

  • Orotara 26 herrialdetako ekosistemetan (baso, larre eta laborantza-lurretan) egindako 370 azterketaren emaitzak plazaratu ditu Nature aldizkariak.


2026ko otsailaren 3an - 11:06
Azken eguneraketa: 21:28
Pestiziden artean, fungizidak dira erabilienak. National Institute of Environmental Health Sciences
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Nekazaritzarako pestizidek europar lurretan duten prebalentziaren eta inpaktuaren gaineko lehen ebidentzia kuantitatibo zehatza da", azaldu du ikertzaile-taldeak. Dozena bat erakundek hartu du parte ikerlanean, JRC ikerketarako zentroak eta Vigoko (Galizia) eta Suitzako UHZ unibertsitateek koordinatuta. Diotenez, laborantza industrial intentsiboan masiboki baliatzen diren substantzia horiek "eragin nabarmena dute lurrarentzat onuragarriak diren hainbat organismotan". Esaterako, onddo mikorrizikoak, "zeinak gure laboreentzat garrantzitsuak diren", pestizidek bereziki kaltetuak dira.

Nature-k plazaratutako txostenean maiz aipatzen dira landareekin sinbiosian dauden onddoak, eskaintzen dizkieten onurak direla-eta. "Bixafen fungizida, laboreentzat kaltegarriak diren onddoak borrokatzeko baliatua, bereziki nabarmentzekoa da, ikertutako lurretako organismo askori eragiten dielako", diote zientzialariek. Pestizidek sortutako kutsadurak ez die balizko izurriteei soilik eragiten, baita lurrari mesede egiten dioten organismoei ere, lurreko komunitate bizidunak –bizitzaren garapenerako funtsezkoak direnak– nabarmen erasanda. Kaltetutako organismoen artean nematoda zizareak ere badaude, funtsezkoak direnak nitrogenoaren eta fosforoaren zikloan.

Pestiziden artean, onddoen aurkako fungizidak dira erabilienak (egindako neurketetan topatutako pestiziden %54). Herbizidak dira %35 eta intsektizidak %11. Topatutako osagai aktiboen artean, glisofatoa da nagusi. Azken urteetan eztabaida handia izan da glifosatoaren toxikotasunaz, Wikipedian irakurri dezakegunez. Osasunaren Mundu Erakundearen menpeko IARC organismoak "segur aski kantzerigenoak diren substantzien artean" sailkatu zuen, baina Europako hainbat agentziak esan dute ez dagoela ebidentziarik hala denik pentsatzeko. Monsantok, berriz, urte askoan ezkutatu ditu substantziaren toxikotasuna frogatzen duten barne-agiriak.


Irakurri gehiago: Ingurumena
Ingurumena kanalean gehiago
2026ko otsailaren 16
Istrupiza baserria
Baratzezain izatetik erlezain izatera

Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.