argia.eus
INPRIMATU
Europako biztanleriaren %90 baino gehiagok aire kutsatua arnasten du
  • Europarren %90 baino gehiago Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezarritako aire kutsadura mugak gainditzen diren lekuetan bizi da, Europako Ingurumen Agentziak (EIA) argitaratutako txostenaren arabera. 2002tik 2011ra arteko datuak neurtuz argitaratutako lana da, eta airearen urtea denaren baitan kaleratu da.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 15a
Urtean 400.000 heriotza goiztiar izaten direla azaldu du EIAk.

Arazo bereziki larritzat jotzen da, kutsagarrienetako moduan ezagutzen den PM2,5 partikulena. Europan 2015erako metro kuboko 25 mikrogramora mugatzea aurreikusten da, eta oraindik eztabaidagai badago ere, 2020rako metro kuboko hogei mikrogramora jaitsi daiteke. OMEk gomendatzen duen hamar mikrogramoko kopurutik urruti dago oraindik halere, eta AEBetan ezarrita dagoen hamabost mikrogramoko neurritik gora.

Europan urtean 400.000 heriotza goiztiar izaten direla argitaratu du EIAk. Hainbat osasun arazo sortzen ditu aireko kutsadurak: nerbio sistema zentralean eragin; buruko mina eta antsietatea sortu; bihotzeko gaixotasunak; begi sudur eta eztarriko narritadura; arnasketa aparatuan arazoak (inflamazio, infekzio, asma, buxadura kronikoak…); gibel, bare eta odoleko arazoak eta ugalketa aparatuan eragiten du, besteak beste.

Bestalde,Ekologistak Martxanek azaldu du urriaren 22an 2012ko Espainiako Estatuko aire kutsadurari buruzko azterketa argitaratuko duela.