Europako Batzordeak 550 milioi euroko isuna jarri dio Txinako Aliexpressi, inoizko handiena

  • Bruselak plataformari leporatu dio segurtasun araudia urratzen duten produktuak saltzen dituela, eta algoritmoak horrelako produktuen iragarkiak erakusten dizkiela bezeroei, horrek izan ditzakeen arriskuekin. Urrira arteko epea du Txinako plataformak egoera zuzentzeko plana aurkezteko, baina Aliexpressek erabakia gaitzetsi du eta helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du.

Aliexpress Txinako merkataritza elektronikoko plataforma zigortu du Europako Batzordeak. Orain

2026ko uztailaren 21ean - 09:29
Azken eguneraketa: 11:39
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Europako Batzordeak Aliexpress Txinako merkataritza elektronikoko plataforma zigortu du 550 milioi euroko isunarekin, produktu faltsifikatuak eta Europako segurtasun araudia errespetatzen ez duten produktuak saltzea egotzita. Aliexpressek "neurrigabetzat" jo du isuna eta helegitea aurkeztuko duela esan du.

Batzordeak gauzatutako ikerketak ondorioztatu du plataformak Zerbitzu Digitalen Araudia urratu duela. 2022an sartu zen indarrean araudia eta bere helburua, laburrean, produktu faltsifikatuen salmenta atzeman eta etetea da. Hain justu, Bruselak plataformari egotzi dio ez duela baliabide nahikorik legez kanpoko produktuak kontrolatzeko, eta "balioetsi" egin duela horrelako produktuen iragarkiak harrapatzeko erabiltzen duen sistema informatiboaren gaitasuna.

Bruselaren ustez, sistemak ez du "egokiro funtzionatzen", ikerketa egin bitartean aurkitutako produktu ilegalen iragarkiek, esate baterako, produktu faltsifikatuenak, jostailuenak edota kosmetikoenak, "hainbat astez" erakutsi zirelako, nahiz eta atzeman ilegalak zirela. Hau da, algoritmoak produktu ilegalak erakusten zizkien bezeroei plataformak iragarkiak kendu aurretik.

Zentzu horretan, Europako Batzordeak Aliexpressi leporatu dio ez dituela "behar bezala ebaluatu" algoritmoak ekar ditzakeen arriskuak, eta ez dituela beharrezko isunak aplikatu, produktu horien enpresek plataformaren bitartez saltzen jarraitzen zutelako. Are, batzordeak adierazi du enpresek "erraztasunez" esan zezaketela gezurra euren produktuen kategoriari buruz, eta, horrela, "baldintza malguagoei" etekina atera.

Aliexpressek urriaren 20ra arteko epea du zuzenketak egiteko plana aurkezteko. Jarraian, Europako Batzordeak plana aztertu eta hura betetzen dela ziurtatzeko egutegi bat proposatuko du, eta, behar izanez gero, plataformari neurri berriak eskatu.

Bere aldetik, plataformak harriduraz hartu du zigorra: "Harrituta gaude Europako Batzordearen erabakiarekin eta ezarritako zigor neurrigabearekin. Aliexpressek konpromisoa izan du eta du bezeroekiko betebeharrei dagokionez". Efe berri agentziak jaso duenez, plataformak azaldu du inbertitu duela arriskuak murrizteko eta produktuen segurtasuna eta bezeroen babesa lehenesteko. Txinako enpresak helegitea aurkeztuko du batzordearen erabakiaren aurka.

Inoizko isunik handiena

Europako Batzordeak Zerbitzu Digitalen legea urratzeagatik inoiz jarritako zigorrik handiena da. Maiatzean batzordeak Temu Txinako merkataritza elektronikoko plataformari 200 milioi euroko isuna jarri zion Aliexpressen arrazoi berberengatik. Iazko abenduan, berriz, X sare sozialari 120 milioi euroko zigorra jarri zion gardentasun faltagatik.

Albisteak zerikusia du orain hilabete Europako Batzordeak ezarritako muga zergarekin; hemendik aurrera Txinako pakete merkeek hiru euroko zerga ordaindu beharko dute 150 eurotik beherako paketeetan.

 


Enpresak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...