Europako Batasunak migrazio politikak are gehiago gogortuko ditu

  • Espainiako Gobernuak eskatuta, EBk ezohiko bilera egin du Ceutako (Espainia) migratzaileen krisiaren harira. Bileran 27 herrialde kideak ados agertu dira mugetako kontrolak "indartzearekin" eta migrazioak kontrolatzeko "neurriak" hartzearekin.


2026ko abuztuaren 5ean - 10:03
Azken eguneraketa: 12:26
Migratzaileak Ceutako kaleetan azken egunetan. EFE
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ceutan (Espainia) 72.000 migratzaileek Marokoren eta Espainiaren arteko muga gurutzatu ostean, EBko zenbait herrialdek kezka agertu dute, EBko migrazio politikak jomugan jarrita, eta nazioarteko eskuin muturraren migratzaileen aurkako diskurtsoa elikatu du. Bada, EBko Barne ministroek ezohiko batzarra egin dute eta kide guztiek aho batez esan dute Europako Batasuneko "mugak gogortu behar" direla: Frontex Europako mugetako Polizia Ceutara eramatea proposatu du eta itzulerak indartuko ditu, besteak beste. 

Ekainean EBren Migrazio eta Asilo Ituna ezarri zuten indarrean, zeinak, besteak beste, migratzaileak jatorrizkoa ez den beste herrialde batera kanporatzea ahalbidetzen duen. Hilabeteren ostean, EBko 27 Barne ministroek aho batez onartu dute EBko mugak "indartu" behar direla. Hari horretatik, EB prest agertu da Ceutan Frontex Europako mugen kontrolerako agentziaren presentzia "areagotzeko". Nabarmentzekoa da hainbatetan salatua izan dela agentziaren "bortizkeria".

Adierazi dute "kanporaketak indartuko" dituztela eta "kanpoko herrialdeekiko mugak gogortuko" dituztela. Era berean, iritzi diote jatorrizko herrialdeekiko "elkartasunean" sakondu behar dela. Gaineratu dute "aurretiazko alerta sistemak" ezarriko dituztela eta are gehiago kontrolatu "sare sozialetan partekatzen dena". Hain justu, migratzaileetako askok esan dute sare sozialetan ikusitako informazio faltsuak bultzatuta zeharkatu zutela muga.

Kontrol "txikiagoak"

Mugak indartzearekin lotuta, azken egunetan Frantziak biderkatu egin du Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan eta Biriatuko (Lapurdi) mugan kokatutako polizia kopurua; 400 izatera iritsi dira. "Prebentziozko" neurriak direla esan du Pirinio Atlantikoetako suprefet Samuel Gesretek.

Aitzitik, Irungo Harrera Sareak ARGIAri ziurtatu dio jada ez daudela aurreko egunetako jendarmeen kontrolak, nahiz eta "kontrol txikiak" egoten jarraitzen duten. "Azken egunetan kontrolak indartu direla sumatu dugu, baina gaur jada jaitsi dira. Kontrolak egoten jarraitzen dute, baina beti bezala, magrebiar edo arabiar itxura duena atzera bidaltzen dute", esan du Harrera Sareako kide Yon Arangurenek. 

Gertatutakoa zeresan handia ematen ari bada ere, Arangurenek adierazi du ez dutela "eraginik sumatu" haienean, eta aurreikusi du hala izaten jarraituko duela: "Ceutatik hona [Irunera] etortzeko bidea luzea da, itsasontzitik egin behar dute". Ordea, nabarmendu du Irunen "beti" dagoela mugimendua: "Egunero daude muga gurutzatzen saiatzen diren migratzaileak".

Baldintza txarretan jarraitzen dute

Espainiako presidente Pedro Sánchezek eskatuta egin dute bilera, krisiaren lehen egunetan EBko 22 kidek Espainiako Gobernuaren migrazio politikak kritikatu ostean. Bileran, baina, "elkartasuna" helarazi diote Pedro Sánchezen gobernuari eta baloratu dute gobernuaren kudeaketa "azkarra eta eraginkorra" izan dela. Hortaz, "amaitutzat" eman dute krisia. Tokiko GKEk, aldiz, salatu dute Ceutan jarraitzen duten migratzaileek apenas dutela jatekorik eta edatekorik. Datuen arabera, 2.000 migratzailek jarraitzen dute hirian, asko errepideetan eta hondartzan, asilo esperoan. 


MIgrazio-nekropolitikak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...