argia.eus
INPRIMATU
Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuek Sareren manifestazioa babestu dute
  • Demokraziaren eta Giza Eskubideen aldeko Europako Abokatuek (ELDH) bat egin dute Sarek larunbatean Bilbon egingo duen manifestazioarekin. Azpimarratu dute “beharrezkoa” dela presoei legea modu arruntean aplikatzea, bake eta adiskidetzearen alde.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 12a

Sarek Bilbon datorren larunbatean egingo duen manifestazioari babesa adierazi diote ELDH-ko kideek, Naizek plazaratu duenez. Komunikatu baten bidez, presoen aldeko manifestazioaren alde egin dute abokatuek, eta adierazi dute ETAk duela hamabi urte baino gehiago eman zuela amaitutzat bere jardun armatua. Halaber, abokatuek azpimarratu dute "bertan behera" utzi behar direla euskal preso politikoei eragiten dieten salbuespenezko neurri legalak, “ezinezko” bihurtzen dutelako askatzeko edozein aukera.

ELDHk azpimarratu du euskal presoek ez dutela bermatuta legeria arruntaren onurak jasotzeko eskubidea, eta 40 urteko espetxealdia betetzen ari direla aldez aurretik askatzeko itxaropenik gabe: “Gaur egungo 142 euskal preso politikoetatik 45ek zigorren hiru laurdenak bete dituzte, eta aske gera daitezke legeria arrunta aplikatuko balitz”.

Abokatuek eskatu dute euskal preso politikoei legea "modu arruntean" aplikatzea, eta baliogabetzea aspalditik aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak: “Legedia berrikusi eta aplikatu behar da, Euskal Herriko bake eta adiskidetze testuinguru berriarekin batera”.

Halaber, ELDHk Euskal Herrian egindako “aurrerapenak” nabarmendu ditu: “ETAren desegiteak, alderdi politikoen legeztatzeak eta euskal presoak sakabanatzearen aurkako politikek bake iraunkorrera hurbildu dute Euskal Herria”.