Europak agerian utzi du Espainiako Gobernuak ez duela nahikoa egin behin-behineko langile publikoak babesteko

  • Europak belarritik tira egin dio Espainiari, beste behin, langile publikoak behin-behinean masiboki kontratatzeagatik. Lehendik, Espainiak behin-behinean urte luzez aritu diren langile publikoak plazarik gabeko langile finko bilakatu zituen, Europak emandako lehen abisuaren erantzun gisa. Orain, baina, Europako Justizia Auzitegiak ebatzi du hori ez dela nahikoa, langileen egoerak “prekarioa” izaten jarraitzen delako.


2026ko apirilaren 16an - 07:00
Interinok taldearen 2025eko protesta bat. Interinok taldea
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Europako Justizia Auzitegiaren arabera, Espainiako Gobernuak hartu zuen neurriak ez ditu behin-behineko kontratazioaren abusua geldiarazteko baldintza nahikoak biltzen, eta beraz, Europako legediaren aurkakoa da. Hego Euskal Herrian ofizialki 45.000 langile publiko daude egoera horretan, eta sindikatuen esanetan 77.000 dira.

Europako Auzitegiak ez du Espainia behartzen langile horiek finko egitera, ez baitu horretarako eskumenik, baina irizpideak eman dizkio. Esaterako, kontrol neurriak ezartzea behin-behineko kontratuen abusuzko erabilera eragozteko, edo kaltetuentzako erreparazioa ematea. Hori Espainiako Auzitegi Gorenak egin beharko du, baldintza argiarekin: behin-behineko langileak plazarik gabeko langile finko bilakatzea ez dela konponbidea. Europako auzitegiak dioenez, formula horrekin langileek ez diotela uzten behin-behinekoak izateari.

Espainiako Gobernuak, baina, adierazi du Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakia “argigarria” baino ez dela, Espainiak “gehiago egin behar” duela esatera mugatzen dena, “baina ez du behartzen modu batera edo bestera egitera”, eta ez du herrialdea zigortzen.

Berriak jaso duenez, Interinok Taldea sindikatuak Europaren ebazpen berria txalotu du, eta Amaia Zarrabeitia bozeramailearen ustez, ebazpenak indargabetu egin ditu Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Gorenak erabili izan dituzten argudioak. Bere ustez, orain bi konponbide posible daude: “Interinoak finko bilakatzea edo estatuak dirutza gastatzea kalte ordainetan”. 

ELAk, auzi horren aurrean, adierazi du Hego Euskal Herriko enplegu publikoaren egoera “dramatikoa” dela, eta Eustaten datuak erakutsi ditu: “Behin-behinekotasunaren batez bestekoa %35etik gorakoa da. Tasa horrek hirukoiztu egiten du sektore pribatukoa, eta osasungintza bezalako esparruetan %40tik gora kokatzen da”. Sindikatuak gaineratu duenez, “konponbidea, nahitaez, langile horiek kontsolidatzea eta etorkizunean egoera hori berriro errepikatzea eragotziko duten neurriak artikulatzea izango da. Eta aipatutako araudiak ez du bermatzen ez gauza bat, ez bestea”.


Langile borroka kanalean gehiago
2026ko apirilaren 29
Itzaletik argira
Pankarta hori… (1979)

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.