argia.eus
INPRIMATU
Eurogunean 4,5 milioi lanpostu gal daitezke datozen urteetan
  • Nazioarteko Lan Erakundeak (ILO) ohartarazi duenez, hurrengo lau urteetan 4,5 milioi lanpostu gal daitezke eurogunean. Gobernuek euren politikak aldatzen ez badituzte lanpostuak galtzeko eta herritarren haserrea areagotzeko arriskua ikusten dute, eta horrek finantza-sistemaren eta europar instituzioen gaineko konfiantza zartatuko lukeela.

2012ko uztailaren 12a
Gazteen artean, Grezian eta Espainian daude langabezia-tasarik altuenak.

"Krisiari aurre egin eta langile zein enpresen konfiantza irabazteko beharrezkoa da politikak aldatzea. Hala egin ezean zaila izango da eurogunea egonkortasun eta hazkundearen bidean jarri beharko luketen erreformak ezartzea", azaldu du ILOk.

Dioenez, arriskurik handiena gazteek bizi dute. Eurogunean, langabezia-tasa %22koa da gazteen artean, eta nabarmendu du egoera bereziki larria dela Italian, Portugalen, Grezian eta Espainian. Txostenaren arabera, azken bi herrialdeotan langabezia-tasa %50 baino handiagoa da gazteen artean.

Erakundeak gaineratu du iragarritako murrizketa planek eragin negatiboa izango dutela enpleguan: "Maila makroekonomikoko depresio-tentuinguru honetan, erreforma horiek kaleratze gehiago ekarriko dituzte, lanpostu berriak sortu gabe, ez behintzat berreskuratze ekonomikoak abiada hartu arte".

Eurogunea "austeritatearen tranpatik ateratzeko" neurriei dagokienez, erakundeak dio beharrezkoa dela "finantza-sistema konpontzea, inbertsio produktiboa sustatzea, enplegu-programa eraginkorrak aplikatzea, babes soziala mantentzea, elkarrizketa soziala erraztea eta enpleguaren aldeko plan fiskalak abiatzea".