Euri ura hobeki atxikitzeko, ur erreserba berria eraiki dute Lekorneko Garroan

  • Garroa kooperatibak erabaki du ur erreserba berri baten eraikitzea. Ideia da orain arte galtzen zen euri uraren baliatzea; bero handia den momentu honetan, proiektuak argitan ezartzen ditu baratzezainen zailtasunak eta gerorako kezkak.

Artikulu hau lizentziari esker ekarri dugu.
Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2026ko ekainaren 26an - 07:00
2.500 metro kubikoko ur erreserba eraiki dute Garroan. Irulegiko Irratia
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Gerezietatik Lekorne zentroko bidea hartuz, Garroako gaztelua aitzin, eskuinetarik da izen bereko etxaldea. Eta hor, landa tokien ondoan da ur erreserba berria, 2.500 m³ko putzua. Ekainaren 23 honetan estreinatu dute ofizialki.

Garroako kooperatibako baratzezainek dituzten bastimenduen teilatuetatik eta negutegietatik heldu den euri urarekin betetzen dute, ondotik baliatzeko udan zehar nahi duten maneran. 100.000€ gostatu ditu proiektuak, baina horren eramateko, laguntza teknikoa eta diru laguntzak eskuratu dituzte, batez ere Uraren agentziaren eta Euskal Elkargoaren partetik.

Ura, beharrezkoa baina lanjerrean den baliabidea

Uraren Agentziaren eta Euskal Elkargoaren ordezkariek adierazi dute uraren gaia garrantzitsua zela. Hervé Damestoy laborantzaren ardura duen lehendakariordeak erran du "gaur egun arazoak [badirela] Elkargoaren eremuan ur kontsumoari begira".

Michel Bidegain Elkargoko langileak azpimarratu du Garroaren proiektua adibide on bat zela. Euri urari esker, sareko ura edo ur edangarria aurrezten da. Argiki erran dauku Michel Bidegainek Garroan egin den proiektuak ez duela deus ikustekorik beste toki batzuetan ikusten diren ur erreserba erraldoiekin. Ez dute hor zilatzerik egiten eta lur azpiko ur erreserbak ez dituzte hunkitzen. Euri urarekin lanean hartzea aterabide ona da bere ustez: "atxikitzea ura erortzen delarik, hori da zentzu ona".

Garroa kooperatibaren zuzendaria da Argitxu Ithourria.  Irulegiko Irratia
Garai konplikatuak baratzezainendako

Garroako ur erreserba horren estreina berote handi batekin batean gertatzen da. Kooperatibako zuzendaria eta baratzezaina den Argitxu Ithourriak erran du gure mikroan garai zailak zirela baratzezainendako. Izan ere, baratzekariek ur anitz behar dute bizitzeko eta handitzeko. Ondorioz, beroteekin biziki sufritzen dute. Biziraun dezaten ureztatu behar dira baina ura aurreztu nahi bada, ez dira anitz handituko eta errendimendua ttipitzen da.

Argitxu Ithourriarendako, klima aldaketa begi-bistakoa da: "Neguak beroagoak dira, udak askoz beroagoak ere baina idorteekin ere". Landare motei buruzko gogoetak eraman beharko direla uste du: beharbada orain arte neguan landatzen diren baratzekari batzuk ezingo dira ekoiztu klima aldaketarengatik. Porruak, azak edo patatak landatzen segitu behar ote da? Arraposturik ez du Argitxu Ithourriak baina bere hitzetan, baratzezain anitz "inkiet eta beldur" dira.

Horretaz gain, jakin behar da ere Iparraldean kontsumitzen diren baratzekarien %80a kanpotik heldu dela.


Uraren kudeaketa kanalean gehiago
2025eko urtarrilaren 22
Esa-ko urtegiaren handitzea
Apurketaren mamua beti hor

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...