argia.eus
INPRIMATU
Etxerik ez zuelako ebakuntza ukatu zioten gasteiztarra hil egin da
  • Koldo Arribillaga gasteiztarra etxetik kaleratu zuten 2019an. Bizileku duinik ez zuela eta ebakuntza-ostekoa pasatzeko baldintza egokiak ez zituela argudiatuta, bihotzeko balbula aldatzeko ebakuntza ukatu zion Osakidetzak, 2020an. Orain, 55 urterekin, bihotzekoak emanda hil da.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 21a
Osakidetzak ebakuntza ukatu ziola salatu zuen Koldo Arribillagak. Argazkia: Hala Bedi

Etxetik kaleratua izan ostean, taberna izan zen batean bizi zen Arribillaga, eta ebakuntza-osterako leku egokia ez zela argudiatuta, bihotzeko balbula aldatzeko ebakuntza ukatu ziotela salatu zuen Arribillagak berak, publikoki.

Pasa den irail honetan, oso gaixo ospitaleratu zuten eta bihotzekoak emanda hil zen handik egun gutxira. Estenosi aortikoa zuen gizonak, horri aurre egiteko zen ebakuntza, eta El Saltoren iturrien arabera, gaitz horren ohiko ondorioa da bihotzekoa.

Argilan-ESK plataformako kide Iñaki Uribarrik Hala Bedi irratian salatu duenez, plataforman daraman urte hauetan guztietan ez du hain kasu larririk ezagutu. “Gizagabetasun instituzionalaren ekaitz perfektua” izan dela kritikatu du, eta ez du ulertzen nola ez den ohiko prozedimendua jarraitu: alegia, ebakuntza-ostekoa igarotzeko etxebizitza duinik ez duenari beste leku bat eskaintzea, ebakuntza-ondorengoa egoki pasa ahal izateko.