argia.eus
INPRIMATU
'Etxerako bidean' kanpaina abiatu du Sarek
  • Espainiako Estatuak bideratu sakabanaketa politikak eragindako sufrimendua gogora ekarririk, gaur egungo testuinguru politikora egokituz euskal presoak etxeratzeko kanpaina hasiko duela jakinarazi du Sarek.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 10a
Sarek burutu prentsaurrekoa

'Etxerako bidean' kanpaina berria abiatu du Sarek, euskal presoak etxera ekarrarazteko asmoz. Ekainaren 10 honetan plazaratu dute urrats berri honi buruzko informazioa. Zehazkiago, hona nola ikusten duten etxeratze fase hau:

Hasteko, gaixotasun larriak dituzten presoak, eta 70 urtetik gorakoak berehala etxeratzeko premia azpimarratu dute. Bestetik, espetxe-politika aldatzeko premia ere ikusten dute, aldaketa bideratuz gero preso andana egongo litzatekeelako etxean: bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izango lukete askok, legeria arrunta aplikatuta;  hirugarren gradua lorturik ere beste asko, kondena erdi-askatasunean betetzeko aukerarekin; eta abar.

1987an abiaturiko euskal preso politikoen sakabanaketa politika gogora ekarri du Sarek, "espetxe-politika gizagabe" baten baitan kokaturiko "zigor krudel" hau gogorki deitoratuz, baina esperantzaz beterik ere, politika hau iraganean kokatzeko testuinguruan dagoelako gaur egun Euskal Herria. Aitzinamenduak gizartearen mobilizazioari esker, ETAk emandako urratsekin eta EPPKk harturiko konpromisoei esker lortu izana azpimarratu dute prentsaurrekoan.

"Penintsularen hegoaldeko kartzelak baino ez dira falta euskal presorik izateari uzteko. Espero dugu egoera hori amaitutzat jo ahal izatea datozen asteetan. Baina urruntze egoerari buruzko aipamen berezi bat egin nahi dugu, egoera hori orokorrean hartuta. Gaur egun, preso asko daude oraindik penintsularen iparraldean sakabanatuta, Euskal Herriko espetxeetan kokatzearen zain. Orduan izango da, euskal presoak lehen aipatutako espetxeetatik ateratzen direnean eta guztiak hemen daudenean, orduan hitz egin ahal izango dugu gure Herrian bizikidetza normalizatzeaz", Sarek azaldu duenez.

Espetxe-politika "berri" bat

Eusko Jaurlaritzak hartzear duelarik espetxe eskumena, espetxe-politika "berri bat", aplikatzeko deia luzatu dio Eusko Jaurlaritzari: "humanista" eta, aurretiaz kasuak banan-banan aztertuta, "askatasunaz gabetzeko zigorren ordez, bizitzen ari garen egoerarekin bat datozen beste batzuk ezartzeko" joera ukango duen espetxe-politika bat. "Gure aldarrikapena da etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe-politika amortizatzea, eta lege arruntean oinarritutako beste bat aplikatzea. Hala, zigorra eta ordaintze hutsa arauen espiritua eta edukia urratzen dituzten printzipio izatera pasatuko dira, eta, haien ordez, gizatasuna, erreparazioa eta bizikidetza izango dira ardatz", Sarek plazaratu duenez.

Euskal presoak etxeratzeko bidean, elkarrizketa "ezinbestekoa" dela zehazturik, guztiekin hitz egiteko borondatearekin jarraitzen dutela erranez bukatu dute prentsaurrekoa.