Etxepareren liburua Baionara itzultzeko aukera “ahalik eta lasterren aztertuko” duela hitz eman du Frantziako Kultura ministroak

  • Baionako auzapez Jean-René Etchegarayk adierazitakoari segi, mediatekan atxiki ahal izateko obrak bideratuko lituzkete, 1545eko liburua kontserbatzeko baldintzak bermatuak izateko gisan. Txalotu egin du Frantziako Kultura ministroaren adierazpena Euskal Herrian Euskarazek: "Linguae Vasconum Primitiae liburua Euskal Herrian egoteko helburua betetzeko bada oraindik bide, baina borrokari esker lehen urratsa eman da"

Bernat Etxepareren liburua Baionan egon da ikusgai zenbait hilabetez, Euskal Museoan, baina berriz eraman dute Parisera 2026 hastapen honetan. Sabina Hourcade

2026ko urtarrilaren 15ean - 10:26
Azken eguneraketa: 17:14
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Baionako mediatekan ikusi nahiko luke 1545ean inprimaturiko Linguae Vasconum Primitiae liburua bertako auzapez Jean-René Etchegarayk, eta kontserbazio baldintza onak bermatzeko gisan, obrak eginen lituzketela baieztatu du. Hori zehaztu berri dio Frantziako Kultura ministro Rachida Datiri, eta honek ez dio ezetzik adierazi urtarrilaren 6an idatzitako gutunean: "Segurtatzen dizut dosier hori jadanik esku artean duten nire zerbitzuek zure eskaera aztertuko dutela ahalik eta lasterren".

Adierazpen hori begi onez ikusi du EHEk: "Linguae Vasconum Primitiae liburua Euskal Herrian egoteko helburua betetzeko bada oraindik bide, baina borrokari esker lehen urratsa eman da". Hain justu, EHEk eta oro har euskalgintzak azpimarratu izan dute behin baino gehiagotan euskaraz inprimaturiko lehen liburuak Euskal Herrian duela bere lekua. Azaroan elkarretaratzea burutu zuten museoaren aitzinean, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak deituta; eta abenduaren 3an, EHEk eserialdia egin zuen liburua ikusgai zen espazioan.

Baionako Euskal Museora heldu berri zela liburua, Jalgi hadi mundura... eta hator etxera erreportajea idatzi zuen Urko Apaolazak, iazko urrian. Urritik urtarrilera egon da liburua ikusgai Lapurdiko hiriburuan, baina berriz ere Parisen daukate orain. 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Euskal literatura kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Rojavan da euskal delegazio sozial bat eta ARGIA bertan da
Jarraitu webgune honetan nondik norakoak.
Kurdistango gatazka isilaraziaz bertatik bertara informatuko dugu egunotan, Lander Arbelaitz kazetariaren bitartez.