Seaskak mobilizazioak bertan behera utzi zituen orain egun batzuk, Frantziako Hezkuntza Ministerioak 2028ko baxoko azterketaren zati bat euskaraz egitea baimendu eta gero. Ikasleek aurrerapausotzat badute ere ministerioaren erabakia, desobedientzia bidearekin jarraituko dutela adierazi dute Sud Ouest egunkariak argitaratu ostean ezetz, ministerioak ez dituela euskarazko azterketak zuzenduko. Asteazkenerako deialdia egin dute, Baionako suprefeturan 11:00etan.
Mobilizatzen jarraituko dute. Hala adierazi dute Bernat Etxepare lizeoko ikasleek ARGIAri baieztatu diotenez. Seaskako Batzorde Eragileak mobilizazioak bertan behera utzi bazituen ere, ikasleek desobedentziarekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzun ahal izatea “aurrerapausoa” bada ere (gero Sud Ouestek kontrakoa esan arren), ez dela “nahikoa” salatu dute gainera. Asteazkenerako deialdia egin dute: 11:00etan suprefeturan.
Baxoa Euskarazeko kideak adierazi dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak emandako pausoak azpimarratzekoak direla, baina borrokan jarraitzea defendatu dute. “Orain geldituz gero, aurrerapauso gehiago ez edukitzeko arriskua dago”, esan dute.
Duela hilabete, 200 pertsona inguruko asanbladan erabakita, ikasleek adierazi zuten aurtengo Baxoko matematikako azterketa euskaraz erantzungo dutela, ekintza horrek ekar zitzakeen arriskuak bere gain hartuta. Handik bi astera, Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak iragarri zuen 2028ko baxoko espezialitate bat euskaraz erantzun ahal izango dela. Berriaren aurrean EEP Euskal Erakunde Publikoaren “baikor” azaldu zen, baina Seaskak adierazi zuen ministroak esandakoak ez zuela “sinesgarritasunik” eta hauteskundeetara begirako promesa zela. Ordea, egun gutxira Seaskak adierazi zuen Pariseko erabakia “baikorra” dela eta aurtengo matematikako azterketa euskaraz erantzuten dutenek ez dutela arriskurik izango.
Ikasleen ongizatea “babestua” izango dela ikusita, ordura arteko mobilizazioetara gerturatu zirenei eskerrak adierazi eta ekainaren 6rako Bordelen egiteko deituta zegoen manifestazioa bertan behera utzi zuten.