Zumaiako (Gipuzkoa) Malen Etxea etxeko langile migratuen elkarteak greba babestu du. Langile egoiliarrak etxean dituzten enplegatzaileei gogorarazi die, etxebizitzok lantoki bihurtu direla langilea kontratatu dutenez gero, eta langileok greba eskubidea daukatela, haien nagusiek bezala.
Etxeko langile egoiliarrek bizitoki eta lantoki izaten dute lan egiten duten tokia, askotan zaintza lanak egiten dituztela. Langileak, sarri, zaindua den pertsonak berak kontratatzen ditu, eta beste batzuetan senideek. Pertsona horiei gogorarazi die langile bat kontratatzen duten momentutik enplegatzaile direla, eta beraien lantokietan greba egiteko eskubidea daukaten bezalaxe, etxeko langile egoiliarrek ere eskubide bera daukatela. Norbere diskurtsoarekin “kontsekuente” izatea eskatu dute.
Etxeko langileei ere mezua helarazi nahi izan die Malen Etxeak. Ohartarazi die haien nagusia, zaintzen duten jubilatua, beraien enplegatzailea dela, eta “garai batean ziurrenik LAB eta ELAko afiliatuak izango zirela”. Nagusi horiek etxean dituzten langileen zerbitzu minimoak antolatzen kolaboratzeko “betebehar moral eta politikoa” dutela azaldu dute. 1.500 euroko gutxieneko soldata, zortzi orduko lanaldiak eginda, eskatu dute. Zortzi orduena azpimarratu dute, “kontratatutako orduak hirukoiztu egiten dituztelako langileok”, diote.
Euskal Herriko langile klasean diskriminazio arrazista eta klasista amaitzea eskatu dute.