Etxekide etxebizitza kolektiboa egiteko obra lizentzia legezkotzat jo du Nafarroako Administrazio Auzitegiak

  • Iruñeko Txantrea auzoan zaintza komunitarioan oinarritutako bizilekuak sortzea du helburu Etxekide kooperatibak. Besteak beste, zahartzaro duina eta askea izan nahi dute, eta bakardadeari aurre egin.


2026ko maiatzaren 15ean - 06:46
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hogeita hamalau pertsonek osatzen dute Etxekide kooperatiba, eta adinekoen elkarlaneko bizitokiak sortzea dute helburu. Bizitokiak Iruñeko Txantrea auzoko Aita Adoain kaleko orube batean egonen dira. Zehazki, Alemaneseko poligonoko 2.101 zenbakiko katastro-partzelan. Zenbait auzokidek Koliving kanpora auzo plataforma sortu, proiektua egiteko obra lizentziaren legaltasuna zalantzan jarri eta proiektuaren kontrako helegitea jarri dute. 2026ko apirilaren 15ean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak arrazoia eman dio Etxekideri. Maiatzaren 13an, Itziar Agirrebeitia kooperatibistak gertatutakoaren xehetasunak eman ditu, Geltokin egindako agerraldian. “Ez dugu inoiz zalantzarik izan udalak gure kooperatibari emandako kontzesioaren legaltasunaz, eta auzitegiaren ebazpenak horrela berretsi du”.

Zenbait ezaugarri nagusi ditu Etxekide proiektuak; horien artean, espazioen %38 komunak eta komunitarioak izango direla. Hala ere, espazioa partekatzetik “harago” doa: elkarlana, elkarrekiko babesa eta erresilientzia soziala sustatzen dituen komunitatea sortu nahi dute. Horrekin batera, konpromisoa eskatzen dute eta gobernantza kolaboratiboa, elkar zaintza eta kideen osasuna eta gizarte ongizatea “hobetuko” dituen bizi sistema oinarri izatea nahi dute.

Horretarako, soziokrazia hartu dute ardatz; hau da, bost zirkuluk osatuko dute gobernantza sistema: arkitekturak, komunikazioak, komunitateak, zainketak eta ekonomiak. Horrez gain, lan guztia koordinatzeko Kontseilu Errektorea daukate. Xedea argi dute: “Bizitzaren amaierako etapa modu autogestionatuan partekatzea erabakitzen duten pertsonen zahartze-prozesua ahalik eta bizi kalitate handienarekin mantendu eta lagunduko duen proiektua izatea nahi dugu”.

Erabili, gero itzultzeko

Orubea 2023an lortu dute, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamenduak deitutako konkurrentzia prozesu baten ondoren. Horri esker, kooperatibak 75 urteko emakida-eskubidea izanen du. Urte horietan ezingo dute lursaila saldu, eta epea amaitzean Nafarroako Gobernuari itzuliko diote. “Lagapen mota honek ondarearen erabilerari eragiten dio, eta ez bere jabetzari. Ondarearen jabetza titularra den administrazio publikoarena izaten jarraitzen du”, nabarmendu dute.

Zenbait oinarri ezarri dituzte kooperatiban parte hartzeko. Lehenik, elkarlaneko bizitokietan biziko direnen %75ak 65 urte baino gehiago izan beharko ditu bizitzera joaten direnean. Bazkide bat hiltzen bada edo bajaren bat egonez gero, bizitokia ez dute oinordekoek jasoko. Kontrara, kooperatibari itzuliko zaio, erabilera eskubidearen titularra delako. Asmoa itxaron zerrendan daudenei esleitzea da. Nabarmendu dute ez dutela gaur egun duten etxebizitzarekin espekulatuko: “Partzela emakida administratiboaren bidez esleitzeko lehiaketara aurkeztu ginenean, gure proiektuan konpromiso etiko hori aurkeztu genuen”.

Azkenik, zahartzeko bide berriak lantzen ari diren beste proiektuei, Etxekonak bat kooperatibari kasu, elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan diote.


Zahartzaroa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.