Alokairuan etxe bakarra duten "jabe txikiek" maizterrak etxegabetzeko aukera izango dute akordioaren arabera, egoera zaurgarrian egon arren. Espainiako Gobernuak ezkutu sozialeko dekretua bitan banatuta lortu nahi du pentsioen igoera eta etxegabetzeen kontrako neurriak onartzea.
EAJk akordioa egin du PSOErekin, alokairuan etxebizitza bakarra duten jabeak "babesteko". Horren arabera, "etxebizitza bat edo bi dituzten jabeek" maizterrak kanporatu ahal izango dituzte, nahiz eta egoera zaurgarrian egon. Jeltzaleek eskatuta, "jabe txiki" horiek salbuetsita geratuko dira ezkutu sozialeko dekretuan familia zaurgarriak etxegabetzeko debekua ezartzen duten neurrietatik.
Urtarrilaren 27an Espainiako Kongresuak atzera bota zuen Espainiako Gobernuak proposatutako ezkutu sozialaren dekretua. Dekretu horrek, 2026ko pentsioen igoeraz gain, beste hainbat neurri biltzen zituen, hala nola familia zaurgarrien etxegabetzeak debekatzea edo argindarra eta ura ez moztea. Baina ez zen aurrera atera, PP, UPN, Vox eta Junts-en kontrako botoekin.
Gobernuaren kalkuluaren arabera, Espainiako Estatu osoan 60.000 lagun daude egoera zaurgarri horretan, alokairuak ordaindu ezinik, eta etxegabetuak izateko arriskuan, dekretuaren debekurik gabe. Oraingoz ez da daturik eman horietatik zenbat diren etxebizitza bakarra duten jabeek alokatutakoak
Horren aurrean, Pedro Sánchezen exekutiboak bitan zatitu du dekretua, alde batetik pentsioen igoera –banandurik aurkeztuta Kongresuaren gehiengoaren babesa edukitzea espero duena–, eta bestetik etxegabetzeei eta beste neurriei dagokien atala. Azkeneko hori EAJrekin negoziatu du, eta Juntsen babesa ere izatea espero du.
Gobernuaren kalkuluaren arabera, Espainiako Estatu osoan 60.000 lagun daude egoera zaurgarri horretan, alokairuak ordaindu ezinik, eta etxegabetuak izateko arriskuan, dekretuaren debekurik gabe. Oraingoz ez da daturik eman horietatik zenbat diren etxebizitza bakarra duten jabeek alokatutakoak, eta hortaz, arriskuan jarraitzen dutenak. Moncloako iturriek "gutxi" direla esan dute soilik.
Etxebizitza "negozio"
EAJren esanetan, ezin dira jabe horiek "putre funtsekin" parekatu. Maribel Vaquero EAJko Madrilgo bozeramailearen iritziz, dena ez da "zuria edo beltza" eta gogorarazi du jabeetako batzuek "bizitza osoko aurrezkiak" erabili dituztela etxebizitza horiek erosteko.
Podemos gogor azaldu da akordioaren kontra, erabaki "kriminala" dela esan du Ione Belarra bozeramaileak sare sozialetan, bigarren etxe bat alokairuan duten jabeak "gizarte talde aberatsenaren parte" direla berretsita. Azaldu duenez, egiatan egingo dena da familia zaurgarriak "babesgabe" utzi.
LAB sindikatua ere kritiko azaldu da, EAJk etxebizitza "negozio" bezala ulertu eta etxejabeen interesak baino ez dituelako defendatu bere esanetan: "EAJk eskuin muturraren markoa erosi du, erroko arazoa desitxuratu, egoera zaurgarrienean dauden pertsonak kriminalizatu eta etxegabetzeei ateak irekita", azaldu du ohar batean.