Etxerik ez dutenentzako lo-lekuaz gain, Mugen Kontrako Agentzia eta ikasketa zentro bat ere hartuko ditu, besteak beste, Iruñeko Alde Zaharrean dagoen eraikinak. Dirua biltzeko kanpaina abiatu dute.
Fraktal proiektua aurkeztu du Katakrakek. Kale Nagusiaren 54. zenbakiko lehen solairuan eta patioan, etxerik ez dutenentzako aterpea irekiko dute. Zehazki, 24 ohe, lau bainugela eta sukaldea atonduko dituzte. Dagoeneko etxerik ez dutenei eta migratzaileei izapide, errenta eta alokairuekin laguntzen dien Negu Gorriak kolektiboak kudeatuko du aterpea, neguko hilabeteetan.
Aterpea irekita ez dagoen hilabeteetan, berriz, Mugen Kontrako Europako Agentzia instalatuko da bertan. ARGIAn kontatu genuenez, Europako hainbat elkartek sorturiko "desobedientzia sarea" da agentzia hori, migrazio politiken "joera arrazista eta bortitzei" aurre egiteko asmoz.
Ikasketa zentroa ere hartuko du guneak eta lehenengo ikastaroaren izenburua aurreratu dute dagoeneko: Itsasoak ez du hiltzen: errepresioa eta elkartasuna Europa hegoaldeko mugan.
Katakrakek duen kultur aretoaren osagarri, bigarren areto bati egingo diote lekua, “kontrakulturarako, aktibismo sozialerako eta asaldura politikorako”.
Eta Ziklobulegoa ere jarriko dute martxan, bizikletarekin lotura duten ekintzak aurrera eramateko.
Proiektuak bide egiteko, aipaturiko eraikinean obretan dira uneotan eta azpiegitura guztia finantzatu ahal izateko dirua biltzeko kanpaina abiatu dute. www.fraktal.net webgunean egin daiteke ekarpen ekonomikoa.