Etxegabeen bizileku diren Gasteizko bi fabrika hartu ditu Poliziak

  • Etxerik gabeko ehun pertsona baino gehiagoren bizileku diren URSSA eta EGA fabrikak miatzeko eta bertan bizi diren etxegabeak identifikatzeko Polizia operazio itzela egin dute asteazken goiz honetan Gasteizen. Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak hartu dute parte.


2026ko maiatzaren 27an - 10:20
Azken eguneraketa: 2026-05-29 10:17
Zigor Olabarria Oleaga | ARGIA CC-BY-SA
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Goizeko seietatik, fabrika inguru guztia hartu dute Polizia-ibilgailuek eta 70 agente baino gehiago aritu dira fabrikako txoko guztiak –eta bertakoen objektuak– goitik behera miatzen, eta bertan bizi diren 120 bat pertsonak banan-banan identifikatzen eta kanporatzen.

Ofizialki, “lapurreta prebentziorako dispositiboa” da Poliziak burutu duena. URSSA eta EGA poliziek hartu dituzte, dispositibo handi horren bidez, eta argudio gisa erabili dute susmoa dutela Gasteizen azken egunetan izan diren hainbat lapurreta kasuren atzean fabrika hauetan bizi diren pertsonetako batzuk daudela.

Alean kontatu dutenez, Atzerritartasun Bulegoan aurkezteko hitzordua eman diete etxegabeei, Atzerritarren Identifikazio Zenbakia emango dietela aginduta, baina paperik ez dutenei espedienteak irekitzeko arriskua legoke, kanporatze prozedurak aztertzeko. Hainbati pasaportea eta dokumentuak kendu dizkiete.

Udaleko kale hezitzaile batek ARGIAri kontatu dionez, fabrikan sartzen saiatu dira hezitzaileak, baina Poliziak ez die utzi.

Goizeko bederatzietarako hustu dituzte fabrikak, baina Alean azaldu dutenez, hainbat iturrik dio ez dela kanporatzea izan, fabrikara itzuli ahal izango dutela bizilagunek, Poliziarekin hitzordua baldin badute.

Fabrika horiek 2024tik okupatu dituzte etxegabeek. Maider Etxebarria Gasteizko alkateak adierazia du goiz ala berandu hustuko dituztela, “zikintasun eta hondakin foku” bilakatu direla eta erortzeko arriskua dutela argudiatuta.

Duela pare bat astetik hazi den tentsio giroan kokatzen da operazioa. Joan den maiatzaren 13an, Ertzaintzak fabrika horietako hainbat lagun Errekaleor auzo autogestionatura bideratu zituen eta gatazkak izan ziren, ARGIAn kontatu genuenez. Zauritu bat ere izan zen eta oharra kaleratu zuen Errekaleorrek: “Gure integritate fisikoa arriskuan ikusten dugu, gaur eta hurrengo egunetan etor daitekeenak kezkatzen gaitu”.

Errekaleor eta aipatu fabrikak jomugan izan dituzte Maider Etxeberriaren adierazpenek. Bere esanetan, “batzuk bezain okupak dira besteak ere”: “Badirudi okupa onak eta okupa gaiztoak daudela”.

Pasa den astelehenean, Errekaleorri babesa adierazi eta faxismoa eta bazterkeria borrokatu beharra aldarrikatu dute hiriburuan hamarnaka eragile eta herritarrek.


Okupazioa kanalean gehiago
2026ko otsailaren 2
Libertà

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...