“Etxebizitzaren arazoak langile guztiok kolpatzen gaitu, baina emakume langileon kasuan kolpea gordinagoa da”

  • Emakume migratzaileek dituzte zailtasun gehiago, soldata arrakalarengatik, AZET etxebizitza sindikatuko Ane Salvadorrek ARGIAri nabarmendu dionez. “Gertatu izan da etxea ez galtzeko, adibidez, lan esplotazio izugarria edo indarkeria matxista pairatzea, erasotzailearekin bizitzen jarraitu behar izateagatik”. Sindikatutik dei egin du mobilizatzera eta antolatzera.

AZET etxebizitza sindikatua.

2026ko urriaren 7a - 11:04
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteartean Bilboko Atxuri auzoan egoera zaurgarrian bizi zen Esther etxegabetu zuen Alokabidek, Eusko Jaurlaritzaren alokairu-sozietate publikoak, hamar urteko kontratuaren ostean eta inolako alternatibarik gabe. AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak deituta, dozenaka lagun bildu ziren etxegabetzea gelditzeko, baina, azkenean, burutu zen.

Irailetik gaurdaino Hego Euskal Herrian izan den bosgarren etxegabetzea da gutxienez. Bi adin txikiko dituzten hiru familia etxegabetu dituzte Gasteizen, eta egoera zaurgarrian zeuden bi emakume Bilbon, azkena asteartekoa. Abuztuan Donostian birika transplante baten zain zegoen gizon bat etxegabetu nahi zutela salatu zuten; azkenean bizitoki alternatiboa lortu zuen. Maiatzean, familia ugari bat etxegabetu zuten, tartean, adineko bi pertsona, horietako bat gaixo. Eta apirilaren erdialdean, indarkeria matxista pairatutako emakume bat eta haren adin txikiko bi alabak. Azken bi kasuak Gasteizen gertatu ziren, Alokabidek bultzatuta.

Azken hilabeteetan nabarmendutako kasuak dira; gehiago gertatu dira, ordea. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina adin txikikoen eta emakumeen presentzia errepikatzen da. Hain justu, etxebizitzaren arazoak gogorrago eragiten die adineko emakumeei, migratzaileei eta ama bakarreko familiei, ekonomikoki zailtasun gehiago dituztelako, EFE albiste agentziak berriki argitaratu duenez.

“Etxebizitzaren arazoak langile guztiok kolpatzen gaitu, baina emakume langileon kasuan kolpea gordinagoa da”, azpimarratu du Ane Salvador Errazti (Bilbo, 1991) AZET sindikatuko kideak. Sindikatuak emakumeek lan merkatuan duten tokiarekin lotzen du afera. “Etxebizitza soldatapeko lanari lotzen gaituen kate estuenetarikoa da. Euskal Herrian, batez beste, soldataren erdia baino gehiago bideratzen dugu etxebizitzara. Emakumeen kasuan, ahalegin ekonomikoa handiagoa da”.

Diru sarrerak eta soldata arrakala dira horren arrazoia. “Emakume askok sektore prekarizatuetan edo lan merkatu erregularretik kanpo egiten dute lan, eta zer esanik ez emakume langile migratzaileen kasuan”. Esaterako, ELE Etxeko Langileen Bizkaiko Elkarteak joan den martxoan ARGIAri azaldu zionez, euren azken txostenaren arabera, 2025ean zaintza lanetan lan egin zuten eta egoera irregularrean zeuden langileen %51k ez zuen lanbide arteko gutxieneko soldatarik jaso.

Familiaren eta etxearen artean kolokan

Salvadorrek zehaztu du emakume ugarik jardunaldi murriztuak egin behar dituztela familia eta lana uztartzeko. Familiaren zaintza emakumeengan zentratzeak eragina du etxebizitzaren auzian, “etxea ezin arriskatzera” eramaten dituelako. “Gertatu izan da etxea ez galtzeko, adibidez, lan esplotazio izugarria edo indarkeria matxista pairatzea, erasotzailearekin bizitzen jarraitu behar izateagatik”.

Etxegabetzeak kudeatzeaz gain, aholkularitza ere ematen du sindikatuak. “Askotariko jendea gerturatzen zaigu, baina gehienak, langile klasearen barruan kolpatuenak dira”. Hots, dioenez, migratzaileak eta emakumeak. “Askotan etxearen ardura emakumeek dute, eta horregatik, beraiek dira guregana gerturatzeko pausoa ematen dutenak”.

AZET astero elkartzen da asanbladan, baina aste honetakoa irekia izango da, astearteko etxegabetzearengatik sentitutako “amorrua antolatzeko”. Etxebizitzaren auzia oraintxe pil-pilean badago ere, ez baita ezerezetik jaio. “Arazoa ez da Espainiako Diputatuen Kongresuan hasi eta ez da hor amaitzen. Aldaketak behetik etorriko dira, momentua da mobilizatzeko eta etxebizitza sindikatuetan antolatzeko”.


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko azaroaren 6
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
AHTaren porrota iritsi da kanpainara

2026ko urriaren 28
Ekarpena

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.