Etxebizitza kooperatiboaren ereduari atea zabaldu dio Errenteriako Udalak

  • Errenteriako Udalak eta Ametsak Sortzen Cohousing elkarteak prozesu berritzailea jarriko dute martxan: Etxebizitza kooperatiboa. Lehen aldia da Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako udal batek lur publikoaren lagapena egingo duena etxebizitza kooperatibo proiektu bat martxan jartzeko.


2026ko urriaren 2an - 07:00
Eneko del Amo zinegotzia eta Zuriñe Maguregi Ametsak Sortzen elkarteko ordezkaria.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Errenteriako Udalak eta Ametsak Sortzen Cohousing elkarteak prozesu berritzailea jarriko dute martxan: Etxebizitza kooperatiboa. Ostegunean aurkeztu dute prozesu hori, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak eta Zuriñe Maguregi elkarteko ordezkariak. Udalak martxan duen etxebizitza planari erreferentzia egin dio del Amok, eta horren barruan etxebizitza eskuratzeko alternatibak sustatzea dutela ildoetako bat jarri du nabarmen, “testuinguru horretan harremanetan jarri ginen  ametsak sortzen elkartearekin, esperientziak dituelako halako proiektuak sortzen eta guretzat garrantzitsua da esperientzia hori eta bidea elkarrekin egitea”.

Helburu bikoitza du abiatuko duten prozesuak: batetik, ezagutaraztea  etxebizitza kooperatiboaren eredua, eta bestetik, baloratzea Errenteria-Oreretan halako proiektu bat martxan jartzeko aukerak badiren.

Maguregi pozik azaldu da; izan ere, lehen aldia da Araba, Bizkai, eta Gipuzkoako udal batek lur publikoaren lagapena egingo duena etxebizitza kooperatibo proiektu bat martxan jartzeko, “orain arte EAEn Euskal Autonomia Erkidegoan egindako halako proiektuak giza talde pribatuetatik abiatutakoak izan dira, gehien-gehienetan landa eremuan, eta familia unitate gutxikoak. Errenteriako Udalarena urrats potentea da, beraz”.

Ametsak Sortzen elkartean duela zortzi urte hasi ziren cohousing, edo etxebizitza kooperatiboen ereduaren bueltan lanean, “Europan hamarkadak daramate lantzen eta Katalunian hamar urtetik gora; gu Kataluniari begira ari gara batez ere, haien kultura, bizimodua… gurearen antzekoa delako”. Errenteriarena, beraz, lehen apustua arlo horretan Euskal Autonomi Erkidegoan.

Argi adierazi du Maguregik etxebizitza kooperatiboaz hitz egiterakoan ez direla soilik etxea, eraikinaz, edo egitura fisikoaz ari, “erabilera lagapenean den etxebizitza kooperatiboan funtsezkoa izaten da giza taldea; izan ere, gizatalde horren arabera proiektua modu batera edo bestera izango delako. Giza taldeak, talde eragile gisa ezagutzen dugun horrek erabakimen ahalmen handia izaten du, azken batean barne araudia, nola bizi nahi duten, talde horrek erabakiko du, estatutuak osatuko ditu, kooperatiba izango da erabakimena, araudiaren betetzea egingo duena, eta jabetza ere kooperatibarena izango da”. Banakako jabetzaren “txipa” aldatu beharra dakarrela horrek gaineratu du.

Eraikitze prozesua ere talde eragileak ezarriko du, “zein material erabili, adibidez, beti ere zelai joko baten barruan. Talde eragilea da inportanteena”.

Prozesua herriratzeko saioa antolatu dute hilaren 21ean 18:00etan Reina aretoan; irekia da etxebizitza kooperatiboaren gaineko informazioa jaso  nahi duen ororentzat, “bertatik talde eragilea sortzea litzateke asmoa, etxebizitza kooperatiboaren muina izango dena”.

Saiora bertaratzeko deia egin du Maguregik, “eredu hau Europa mailan, Katalunian, Madrilen, Asturiasen, Valentzian, Nafarroan ere administrazio publikoaren eskutik martxan dira hainbat proiektu eta badakigu arrakastatsuak izaten ari direla. Jendeak ez du ezagutzen eredua, eta saioan etxebizitza kooperatiboaren eredua zehatz azalduko dugu”. Horretaz aparte beste bizpahiru saio aurreikusi dituzte talde eragilea sortu eta proiektua martxan jartzeko datorren urteari begira. Finean, prozesu parte hartzailea izango dela esan du Maguregik, “udala, giza taldea eta Ametsak Sortzen kanpo aholkulari edo bidelagun gisa. Espero dugu jendea animatzea”.

Del Amok esan du udalarentzat prozesua bera abiatzea dela garrantzitsua, “batez ere ikusteko zein behar eta zein interes sor daitezkeen, eta horren baitan udala bidelagun izango da. Kontu berria da, esploratzea tokatzen zaigu eta gu prozesuaren parte izango gara”. Etxebizitza kooperatiboarekin hainbat alderdi lotu ditu bukatzeko Maguregik, “zaintzaz, komunitateaz ari gara; ez da etxeak jartzea falta direlako, ez doa hortik eredua, bizitzeko beste modu bat da, benetan komunitarioagoa, zaintzan oinarritua, eta ahal dela egungoa baino eskuragarriagoa”.


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko urriaren 12
BARRA WARROAK
Arratoiak eta gezurrak

2026ko urriaren 1
Barra warroak
Jabeak eta gabeak

2026ko irailaren 30
Analisia
Maricarmen

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.