Etxebizitzaren prezioen gorakadak ez du etenik izan 2026ko bigarren hiruhilekoan: %10 garestitu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta %9,5 Nafarroan.
INE Espainiako estatistika erakundeak emandako datuen arabera, 2026ko bigarren hiruhilekoan etxebizitza berriaren zein bigarren eskukoaren prezioek goraka jarraitu dute Hego Euskal Herrian.
Autonomia erkidegoei erreparatuta, EAEn %10 garestitu da eta Nafarroan %9,5. Baina alde handia dago etxebizitza berriaren eta bigarren eskukoaren prezioei dagokienez: bigarren eskukoak %11,2 eta %12,9 igo dira EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren; etxebizitza berriak, aldiz, %3,1 eta %4,1.
Etxebizitzen prezioek 49 hiruhileko daramate etengabe igotzen eta 2007ko higiezinen burbuilaren parean daude dagoeneko. Prezioen gorakada horrek, baina, ez du salmenta moteldu, eta eskaria ere inoizko handiena da.
Eskaria, zazpi aldiz handiagoa
Mikel Torres eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Etxebizitza sailburuek astelehenean Ekonomiaz aldizkariaren zenbaki berria aurkezteko ekitaldi publikoan, etxebizitzen eskariari buruzko EAEko datu bat nabarmendu dute: eskari hori biztanleria baino zazpi aldiz gehiago hazi da 2015. eta 2023. urteen artean.
Jaurlaritzako arduradunek familia ereduen aldaketarekin lotu dute bi datuen artean dagoen aldea, eta egoerari irtenbidea emateko etxebizitza hutsak "mobilizatzea", alokairuen erregulazioa, eta etxebizitzak "babestu eta eskuragarriagoak" egiteko neurriak defendatu dituzte.