Etxebizitza eskubidea exijitzeko indarrak batu dituzte hainbat eragile, sindikatu eta alderdik

  • Jakinarazi dute hilean behin manifestatuko direla erakunde publikoen egoitzen parean, Etxebizitza eskubide bat da, inor ez aterperik gabe lelopean. Besteak beste, etxebizitza hutsak parke publikoan sartzeko eskatu diete erakundeei. Datorren larunbatean, otsailaren 21ean, 12:00etan Bilboko Arriaga plazan elkarretaratuko dira.

LAB Bilbo

2026ko otsailaren 18an - 10:58
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Asteartean aurkeztu dute egitasmoa prentsaurreko bidez Bilboko Bolsan. Besteak beste, egitasmora batu dira ELE Etxeko Langileen Elkartea, Atxurigorri, Atxuri Harrera, AZET Etxebizitza Sindikatua, Belaunaldi Galdua, Berri-Otxoak, Bilboko EH Bildu, Bizizaleak, Goazen, Bilboko Bizilagunen Elkarteen Federazioa, Greska, LAB sindikatua, Ongi Etorri Errefuxiatuak, EAEko Ahal Dugu eta Sumar mugimendua. Azaldu dutenez, asmoa indarrak handitzen joatea da, gero eta kolektibo eta pertsona gehiago bilduko dituen dinamika eta mugimendu sozial bat sortzea.

Argi hitz egin dute: "Etxebizitza eskubide bat da, eta beraz, merkatuaren logikatik atera behar da". Etxebizitza merkantzia den bitartean "etxebizitzen prezio altuak pobretzean eta gizarte bazterketan eragin zuzena" duela adierazi dute, eta erakunde publikoak jarri dituzte jopuntuan: "Haien kudeaketak etxebizitza espekulaziorako tresna bihurtu eta arazoa ezkutatzen du".  Era berean, erakundeei exijitu diete etxebizitzaren arazoa iraultzeko "erantzukizuna bermatzea". Azaldu dutenez, "erakundeen esku hartzearen bitartez, espekulazioari amaiera eman dakieke".

"Bilboko etxebizitza hutsen herenak EAEn kalean bizi diren pertsona guztiei eman dakieke aterpea"

Prentsaurrekoan, Lorea Ureta eta Bittor Villares bozeramaileek etxebizitzaren problematikaren diagnostiko zorrotza egin dute. Azaldu dutenez, azken urteetan hirukoiztu egin dira kalean lo egin behar duten pertsonak. Egun, EAEn, 1.500 pertsonak baino gehiago dira. Are, datu errealek kopuru hori “bikoizten” dutela zenbatetsi dute.

Halaber, arazo horri aurre egiteko gaur egun indarrean dauden etxebizitza politikak eraginkorrak ez direla salatu dute. Plataformaren esanetan, Etxebidek –EAEn etxebizitza babestua kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua– ez du “inongo ahaleginik egiten alokairu sozialean, nahiz eta legez behartuta dagoen beren baliabideen %100 erabiltzera”. Gainera, 2026ko aurrekontuetan etxebizitzari bideratutako partida urria ere salatu dute.

Plataformak plazaratu duen manifestuaren ardatz nagusietako bat hutsik dauden etxebizitzei irtenbidea ematea da. INEren datuen arabera, soilik EAEn 70.000 etxebizitza huts daude. Soluzio posible gisa, proposatu dute hutsik dauden etxebizitza horiek guztiak desjabetzea, berehala parke publikoan sartzeko. Horri lotuta, datu gordina bota dute: “Bilboko etxebizitza hutsen herenak EAEn kalean bizi diren pertsona guztiei eman dakieke aterpea”. Horrez gain, kolektibo zaurgarrienentzako baliabide falta salatu dute: aterpetxeak, jantokiak eta etxebizitza sozialak. 


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Pribilegioa

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.