argia.eus
INPRIMATU
Etxebarriko enpresari batek bost urteko kartzela zigorra eskatu du bi langilerentzat
  • TMA enpresak 2013an itxi zuen eta horri kontra egiteko greba eta protestengatik auzitara eraman zituen hainbat langile. Orain 5 urte eta 6 hilabeteko kartzela eta 9.000 euroko fiantza eskatu du haietako birentzat, LABek salatu duenez.

ARGIA @argia 2016ko uztailaren 07a

Uda hasieran jaso dute bi langileek beren kontrako eskaera penala eta kartzelarekin ordain dezakete euren lanpostuen defentsan “lan gatazka kalera ateratzea eta legalki komunikatutako manifestazio eta kontzentrazioak egitea”, azaldu du LABek.

Etxebarriako Talleres Mecánicos Arakistainen (TMA) 2013an lan gatazka luzea izan zen. Enpresak langileei soldata ordaintzeari utzi zion eta zortzi hilabetez greban izan ziren, harik eta urte amaieran lantegia itxi eta kalean geratu ziren arte. Tartean protesta eta ekintza ugari egin zituzten.

Rafael Zabala nagusiak zazpi langileren kontra auzibide penala ireki zuen eta Bizkaiko Probintzia Auzitegiak haietako biri –bata langileen ordezkaria izandakoa– urruntze agindua ezarri zien epaiketa egin artean. Orain jakin dute enpresariak 5 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra eta 9.000 euroko fidantza eskatu duela bientzat, akusazio partikular moduan.

"Hiriko" auzian nahasia

LABek gogorarazi du TMA enpresa bera auzipetua dagoela “Hiriko” kasuan diru publiko bidegabe erabiltzeagatik: “Langileek beraien eskubideen defentsan borrokatzeagatik eta enpresarien irregulartasunak kontrolatu nahi izateagatik, epaituak eta kartzelaratuak izan daitezke”.