Etxe baten sekretuak


2026ko irailaren 23an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Duela bi urteko Zinemaldian, Casa en flames (Etxea sutan) komedia dramatikoa ikusi nuen, eta aipatu nuen antzerki baten antz handia zuela, elkarrizketa oso onak eta gidoi xelebrea, pixkanaka trama desarilkatzen duen horietakoa, ikuslearen begiak pantailari itsatsita mantenduz. Aurten ere, antzeko proposamen pare bat egon da Zinemaldian, hala nola The invite (Gonbidapena), Olivia Wildek zuzendutako −eta antzeztutako− film luzea. Lan honetan, bi bikote ezagutu ditugu; elkarren bizilagunak dira, eta batak bestea etxera gonbidatu du, bizilagunek etxe berria ikus dezaten, baina kontua ez da horren sinplea izango.

The invite, ezbairik gabe, gidoiari eta aktoreen antzezpen paregabeei esker da ona. Lehenengo, elkarrizketa aberatsak eta ondo neurtuak ditu, gehiegi luzatu gabe, tarte laburrean barre eginarazi eta pentsarazi batera egiten duten horietakoak. Horri gehitu Olivia Wilde, Seth Rogen, Penélope Cruz eta Edward Nortonek interpretaziorako duten gaitasuna, eta bi osagai horiekin soilik, bikain funtzionatuko du filmak. Den-dena etxe baten barruan gertatzen da, eta espazio eta denbora guztia aktoreek eta elkarrizketek hartzen dute.

Horrek ez du esan nahi set-ak garrantzirik ez duenik; kontrara. Set-a bera pertsonaien alde egongo balitz bezala da: etxea erakusteko garaian, pixkanaka argituko da etxe horren itxurak nola erakusten duen bertan bizi diren bien izaera, eta kolokan duten erlazioaren irudi ere izango da. Etxeko gela ezberdinetan zehar garatzen da trama, pertsonaiak batzuetan batera ipiniz eta besteetan elkarrengandik banatuz, antzerkian egin ohi den bezala: leku berean daude denak, baina ez batera, eta horrela doa aurrera haria, ezkutukerian eta apurka-apurka. Kameraren plano interesgarriek ere asko laguntzen dute istorioa kontatzen eta aurreratzen; baliabide oso eraginkorra izan da hariari eusteko.

Komedia eta drama nahasten ditu lan honek: zinemaldi honetan ikusi dudan 5 minutos más-ek bezala, oso ongi egiten du, komediarekin pasa gabe eta −behar denean− gaia serio aurkeztuz, batez ere, amaieran. Esan beharra dago, berez, Sentimental (Sentimentala) pelikulan oinarrituta dagoela The invite; beraz, gidoia ez da originala. Ez dakit horrek meriturik kentzen dion, ordea, pelikula bera ederki eginda baitago. Zinemaz asko dakien lagun batek esan didanez, berari hau originala baino gehiago gustatu zaio. Orain, zeuok erabaki.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.