Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esan du litekeena dela "ertzainen baten jokabide desegokiaren" ondorioz zauritu izana gizona. Pertsona horrek salaketa jarri zuen eta Ertzaintzaren barne ikerketa batek baieztatu du foam jaurtigailu baten inpaktua jaso zuela.
Apirilaren 3an Bilboko Errekalde auzoko Etxarri II gaztetxea husteko istiluetan hainbat atxilotu eta zauritu eragin zituen Poliziak. Horien artean, Iker Arana zegoen, ertzainek jaurtitako foam pilota baten inpaktuaren ondorioz larrialdietan barrabila galdu zuen gizona.
Aranak salaketa jarri zuen. Bere esanetan, istilurik ez zegoen momentu eta eremu batean, besoak goran zituela ertzainengana hurbildu zen, haien jokabide oldarkorragatik kexu, orduan haietako batek barrabiletara tiro egin zion zuzenean. Ertzaintzak barne ikerketa abiatu zuen gertatutakoa argitzeko. Orain, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak ikerketa horren ondorioen berri eman du Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean egindako agerraldian.
Zupiriak onartu du gaztea ez zela istiluetan parte hartzen ari, eta beren esanetan "litekeena da salatzaileak esan duen egoera ertzainen baten jokabide desegokiaren ondorio" izatea. Segurtasun Sailak abian jarritako ikerketaren arabera, salatuak aurkeztutako frogek bat egiten dute 40 milimetroko jaurtigailuarekin erabiltzen den foam pilota batekin, eta horrek baieztatzen du inpaktu horren ondorioz galdu zuela barrabila.
Sailburuak azaldu duenez, operazio horietan parte hartu zuten agenteak identifikatu dituzte, baita jaurtigailua erabili zutenak ere. Nolanahi ere, bere agerraldian Ertzaintzak egun hartan jarritako operazioaren alde egin du, planifikaturik zegoela esanez, eta garbi utzi du bere ustez Poliziak "indakeria" ez baina indarra erabiltzeko "zilegitasuna" duela.