argia.eus
INPRIMATU
Etxalde bateko ahateen prebentziozko hilketa saihestea lortu du ELB sindikatuak
  • Ehundik gora lagun elkartu dira Ilharren (Nafarroa Beherea) Bidarteberria etxaldearen aitzinean, zerbitzu sanitarioko ordezkariei bidea mozteko. Hegazti gripearen testuinguruan, 200 ahateren hiltzea oztopatzea lortu dute.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko martxoaren 03a
ELBren deiari erantzunez, 150 bat lagun batu dira Ilharreko etxaldearen aitzinean (Argazkia: Euskal Irratiak)

Duela hiru aste, etxaldetik hiru kilometrotara den Gabadin hegazti gripe kasu bat atzemanik, "prebentiboki" hil behar dituzte Ilharreko Bidarteberriako 200 ahateak. Zentzugabekeriatzat jota, ELB sindikatuak ez du erabakia onartzen eta horregatik luzatu zuen hilketa egunean bertaratzeko deia.

150 bat lagunek erantzun diote deiari eta guztien artean moztu diete bidea zerbitzu sanitarioko ordezkariei. "Gizarteak eta ELB sindikatu azkarrak oztopatu dute ahateen hiltzea", adierazi du Julen Perez ELB sindikatuko ahate hazleak. Martxoaren 18an bukatuko dute 200 ahate horien hazkuntza, eta "bazterrak lasaitzeko" gisan, epe hau errespetatzea eskatu du etxaldeak. Patrick Lagorret ELBko kideak ondokoa zehaztu nahi izan dio Kazeta.info komunikabideari: "Ez da garaipena, gaur soilik gure kexua adierazi dugu. Badakigu administrazioa itzuliko dela, edo bederen auzitegietara eramango gaituela".

2017an Frantziako Estatua hiltze prebentiboekin hasi zenean, hiru etxaldetan antolatu zituzten herri harresiak, ahateen hiltzea oztopatuz. Orduz geroztik, gatazka konpondu gabe dago eta ELBk behin baino gehiagotan deitu du mobilizaziora. Sindikatu horren arabera, nekazaritza eredu intentsiboa da arazoaren oinarrian, eta hazkuntza txiki herrikoiak dira aterabideak. Ondokoa dio ELB sindikatuak: "Ingurumena zaintzen, etxalde anitz atxikitzen eta kalitatezko mozkinak ekoizten dituen laborantza herrikoiaren aldeko borrokan segituko du ELB sindikatuak. Jendarteak nahi duen laborantzaren aldeko borrokan. Sistema industriala bera eta horrek sortzen dituen ondorio txarrak gelditu behar dira".

Hemen Euskal Irratiak komunikabidearen bideoa: