Apirilaren 29an izango da Dantzaren Nazioarteko Eguna. Horren harira testu hau argitaratu du ADDEk.
Apirilean dantzaren nazioarteko eguna ospatuko dugu.
Ospakizun orok dakar poza, partekatzea, une onengatik topa egitea, dantzatzea, barre egitea, une horretaz gozatzea. Une laburrak dira, iheskorrak, eta une batez eten egiten dute sektorearen errealitate gordina, izan ere, zaila da sektorearentzat zutik irautea eta ospatzea.
Zaila da ospatzea sentitzen duzunean dantzaren sektorea kolokan dagoela eta ez duzula hankazpian profesional gisa eutsiko zaituen gainazal egonkorrik. Konpromisorik gabe, estrategiarik gabe, sektorerako plangintzarik gabe.
Zaila da ospatzea pitzadurak sakonak direnean eta gorputza eta hura eusten duten giharrak ahuldurik daudenean. Aldizkakotasuna, programaziorik eza, lan-baldintza prekarioak.
Zaila da ospatzea sentitzen duzunean dantzaren sektorea kolokan dagoela eta ez duzula hankazpian profesional gisa eutsiko zaituen gainazal egonkorrik
Zaila da ospatzea konpainia asko antzokietatik kanpo daudenean eta proposamen ugari ez direnean ikusleengana iristen eta, hortaz, ez dutenean gure sorkuntza-lanaren ahalmenaz gozatzeko aukerarik.
Hala eta guztiz ere, BAI, ospatu nahi dugu gure lanbideagatik, dantza eder eta bokazionalaren lanbideagatik.
Eta BAI, ospatu nahi dugu gure profesionalengatik, erresilienteak zailtasunen aurrean, sortzaileak, ekintzaileak, langileak, dantzaren eta kulturaren zaleak.
Ospa dezagun eta lan egin dezagun dantza jasangarriaren alde, lan-baldintzak duinak izan daitezen, askotariko proposamenez eta askotariko programazio espazioez beteriko egitarauen alde (antzokiak, museoak, liburutegiak, kalea, eremu publikoak…), dantza eskoletan egotearen alde, horrela sortuko baitira ikusle berriak eta profesional berriak, erresilienteak, sortzaileak, ekintzaileak, langileak, dantzaren eta kulturaren zaleak.
Ospa dezagun eta lan egin dezagun dantzaren ahalmena sendotzearen alde. Sektore gisa hazten lagunduko diguten politikekin, kulturaren, hezkuntzaren eta lanaren arloko politikekin.
BAI, ospatu nahi dugu.
ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.